Dantza zaletasuna kalera aterako du Oinkarik

Jon Miranda Labaien 2018ko mar. 16a, 15:31

Igandean, Villabonako kaleetan 'Dantzari Eguna 2018' egingo du herriko dantza taldeak eta herritar guztiak gonbidatu ditu.

Aurretik dantza asteak eta bestelako ekitaldiak antolatu izan ditu Oinkari dantza taldeak eta iaz lehen aldiz ospatu zuen Dantzari Eguna. Eneko Arteaga taldeko arduradunak zerrendatu ditu egun horrekin bete nahi dituzten helburuak: «Herriko dantzariak kalera atera nahi ditugu herriko plazetan dantza egin dezaten eta guraso eta haurren arteko dantza zaletasuna bultzatu nahi dugu».

Dantza eskolan ibiltzen diren 200 gaztetxok hartuko dute parte igandeko ekitaldian. Lehenik eta behin herriko bi gune ezberdinetatik abiatuko dira kalejirak. Zutabe bat Txermingo Zubimusu ikastolatik aterako da eta bestea berriz, Arroako Fleming ikastetxe paretik. «Talde bakoitzak plaza ezberdinetan emanaldiak eskainiko ditu eta ondoren denak Malkar plazan bilduko dira 13:00ak aldera», esan du Arteagak. Dantzari guztiek elkarrekin hiru dantza eskainiko dituzte.

Iaz bazkari herrikoia Behar Zana pilotalekuan egin zuten eta aurten Zubimusu ikastolaren Txermingo eraikineko behealdea aukeratu dute horretarako. 150 lagun inguru bilduko dira bazkaritarako, eta aurten nobedade gisa, Sarasola sagardotegiak txotxa jarriko du.

Bazkalostean berriz, Bide Batez taldearekin erromeria izango da. Oinkari taldeak gazteen artean erromeri giro hori sustatu nahi du eta aukera bat eman nahi die gazteei dantza egin dezaten. Arteagak nabarmendu du, ordea, igandeko festa ez dela «festa partikularra» izango: «Taldeaz aparteko jendea gerturatzea nahi genuke, guztiok elkarrekin konpartitu nahi dugu Dantzari Eguna». Horretarako igandean Villabonara gerturatzea besterik ez dute eskualdeko herritarrek. Antolatzaileek adierazi dutenez, ez dute zertan euskal jantzi tradizionalekin gerturatu behar. Dantzarako gogoa da parte hartzeko eskatuko duten baldintza bakarra.

Egitarau osoa hemen ikusgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!