«Nire gogoa beti kantu berriak sortzen da, kantugilea naiz»

Jon Miranda Labaien 2018ko mar. 19a, 20:49

Musika proiektu pertsonala du Sin mala intención Gorka Lizaso Perezek, gaztetatik sortu dituen kantuak argitara emateko baliatu duen bidea eta talde horretan bildu dituen kideekin batera defendatzen du 'Esas cosas' lehen diskoa, agertokiz agertoki.

Eguneroko kontua da kantuak sortzea Gorka Lizaso Perezentzat (Villabona, 1985). Kantu berriak prestatzen dihardu, 2016ko azaroan kaleratutako lanean bildutakoak aurkezten jarraitzen duen bitartean.

Txikitatik al datorkizu musikarekiko zaletasuna?
Solfeo ikasketak egin nituen eta esku soinua ere jo nuen txikitan. Abesbatza batean kantatzen genuen, eta hortaz, beti izan naiz musikazalea. Denetarik entzun izan dut: euskaraz, gaztelaniaz eta baita ingelesez ere. Gaztelaniazko rockak erakarri izan nau gehien eta baita literaturak ere, Espainiako estatuan eta Latinoamerikan egin izan denak. Fito Cabrales, Joaquin Sabina, Los Rodriguez, M-Clan, Antonio Vega... horrelako artista asko entzun izan ditut gaztaroan.

Gitarra izan da zuk kantuak konposatzeko erabili izan duzun bidea. 
Bai, gaztetan hasi nintzen gitarra jotzen, 16 urterekin-edo. Txikitatik zetorkidan idazteko zaletasuna, baina abestiak konposatu nahi nituen nire artista gogokoenek egiten zuten gisan. Horregatik hasi nintzen gitarra ikasten eta orduantxe konposatu nituen nire lehen kantuak.

Musikari, interprete, sortzaile... Zein arlotan nabarmentzen zara gehien?
Esango nuke kantugilea naizela, gehienbat. Gero, egia da nik sortutako kantuak, nik neuk interpretatzen ditudala, baina nire gogoa beti kantu berriak sortzea da.

Nolakoa da zure sortze prozesua?
Gustatzen zait abestietan nire buruaz hitz egitea. Askotan esan izan dudan bezala, niretzat kantuak sentimenduak adierazteko bide bat dira, bestela egunerokotasunean kosta egiten zaidalako sentitzen dudana adieraztea. Esan dezaket, nire egunerokotasunaren parte dela konposatzea eta abestiak egitea.

Zer nolako gaiak jorratzen dituzu?
Esango nuke, nire gauzak direla kontatzen ditudanak, horregatik jarri genion diskoari Esas cosas izenburua. Kezka soziala badut eta mundua nola ikusten dudan ere kontatu nahi izaten dut. Bigarren disko baterako kantuak prestatzen ari naiz orain eta badaude izaera sozialagoa duten kantuak. Lehenengo diskoan jaso nituenak barrura begirakoak ziren, gehienak.

Hitzei garrantzi berezia ematen al diezu zure kantuetan?
Bai, musikari ere bai, baina hitzei buelta asko ematen diet. Zirriborro moduko batekin hasi eta kantuak berridatzi egiten ditut etengabe; ez dut ontzat ematen aurrena etortzen zaidan ideia. Metrika eta errima asko zaintzen ditut, eta garrantzitsua da niretzat hitzak ondo lantzea.

Lehenik hitzak sortu eta gero jartzen al diezu musika hitz horiei?
Beti ez dut prozesu berdina erabiltzen, ez baitago formula zehatzik kantuak egiteko. Batzuetan gai bati buruz idazten hasten naiz, eta beste batzuetan esaldi bat bururatu eta hark beste bat ekartzen dizu, abestia osatu arte. Gustatzen zait kantu bakoitzak abiapuntu ezberdina izatea, horrek askotariko doinuak sortzeko bidea ematen baitit, metrika eta erritmo ezberdinekin.

Kantuen moldaketak zure esku geratzen al dira?
Abestiak maketa batean grabatu eta nahikoa garbi izaten dut zein norabide izango duten, moldaketa batzuk ere sartzen ditut lehenengo bertsio horretan. Hala ere, gero taldekideekin konpartitzen ditut eta haien ekarpenak jasotzen ditut. Diskoa grabatu aurretik horrela egin genuen, esate baterako.

Zure lehenengo taldea da Sin mala intención?
Bai, nire aurreneko proiektu serioa da eta behin betikoa, esango nuke. Musikari lagun asko dauzkat eta haientzako hitzak aurretik egin izan ditut, baina egile bezala, nire kantuekin lehenengo aldiz Sin mala intención taldean agertu naiz.

Nola osatu zenuen zure banda?
Taldea diskoarekin batera etorri zen. Aspalditik nituen kantuak eginda eta banekien lehenago edo beranduago disko batean publikatuko nituela. Beti geroagoko uzten nuen kontua, 30 urte bete nituen arte. Orduan serio planteatu nion neure buruari. Pentsatu nuen garaia zela kantuak behar bezala aurkezteko. Beñat Igerabiderekin hitz egin nuen aurrena, nire kuadrillakoa baita, eta bere laguntzaz musikariak topatu nituen talderako: Javi Etxarri eta Iker Gutierrez gitarrekin, baxuan Maria Soriazu, teklatuetan Igor Barrero eta baterian Bjorn Mendizabal.

Denak gipuzkoarrak zarete. 
Bai Donostialdea eta Tolosaldekoak gara. Gehienak Donostia inguruan ibilitakoak gara eta aurrez ere elkar ezagutzen genuen.

Diskoan bildu dituzun 10 kantuak aspaldi egindakoak al dira?
Badira batzuk aspaldi egindakoak eta beste batzuk berriz, diskoa grabatu baino hilabete gutxi lehenago konposatutakoak dira. En mil pedazos kantua, adibidez, aspaldikoa da baina diskorako berriz hartu eta goitik behera aldatu nizkion hitzak. Egia esan, kantu guztiak dira nireak, baina batzuk besteak baino gehiago maite ditut. Seguruena gehien maite ditudanak dira entzuten zailenak direnak.

Taldeko buru bezala daukazu zure burua?
Bai. Proiektua nirea da. Zuzenekoetan talde bat gara eta filosofia horrekin egiten dugu lan. Baina bakarkako egitasmoa da, nire izenarekin beharrean, Sin mala intención izenarekin atera dudana.

Zergatik izen hori?
Munduan intentzio txarrik gabe ibiltzea gustuko dudalako. Beti erantzun hori ematen dut [barrez]. Duela urte batzuk bururatu zitzaidan izen hori eta beti atsegin izan dut. Bere garaian blog bat nuen eta izen hori bera jarri nion. Gustuko dut, bai.

Zure musika zein estilotan kokatzen duzu? 
Ez zaizkit etiketak asko gustatzen, baino balio dute gauzak argitzeko. Nik beti diot, musika ona eta txarra dagoela, gustatzen zaizuna edo gustatzen ez zaizuna. Nire musika song writer munduan kokatzea gustatzen zait, Bob Dylan eta Leonard Cohen eta gisakoek asmatu zuten estilo horretan. Beti rockaren ingurumarian baina hitzei garrantzia emanez, asko zainduz. Handik etorri ziren Joaquin Sabina eta bestelakoak. Gure kasuan, pop-rocka egiten dugula esaten dugu, baina diskoan bestelako doinuak ere entzuten dira, bluesa, rock-and-rolla edo autore piezak, adibidez. Denetarik dago Esas cosas diskoan.

Gerturago etorrita zein erreferentzi izan duzu?
Fito Cabrales gustuko izan dut betidanik. Zazpi urte nituenean Platero y tú taldearen kantuak entzun eta argi neukan hori zela nik egin nahi nuena. Nire bizitzan beti egon da presente.

Musika estilo horrek badu bere zirkuitua hemen Euskal Herrian?
Zaila da. Ez dugu sekula arazorik eduki hizkuntzagatik, baina egia da badaudela areto batzuk euskarazko musika baino programatzen ez dutenak. Oso ondo iruditzen zait, nik beti defendatu izan dut hori, horrela behar duela pentsatzen dut. Areto batzuetan jotzeko zailtasunak ekartzen dizkigu horrek. Eta gero, estilo aldetik, Euskal Herriko edukiera ertaineko aretoek indie musika programatzen dute gehienbat, beraz, ez dugu sarbiderik izaten horietan. Ez dakit garai bateko musika irudituko zaien, edo ez dakit zehatz zer gertatzen den. Guretzako ez da batere erraza.

Non eskaini dituzue kontzertuak zuen diskoa aurkezteko?
Iazko martxotik 17 kontzertu eman ditugu. Kopuru polita da. Tabakaleran, Bilbon ere pare bat kontzertua eman ditugu, Oiartzungo Pagoan, Donostiako hainbat tabernetan... Egia da, guk ere gure formatua egokitu egiten dugula aretora. Banda osoa elkarrekin aritzeko areto handiagoak behar ditugu, baina eskaini izan ditugu emanaldiak modu akustikoan, taberna txikiagoetan.

Nolakoa izan zen grabatzeko prozesua?
Abestiak egiten ditut etengabe, kontua da abesti guztiek ez dutela merezimendua disko batean grabatuta geratzeko. Hor, kakotx artean, kalitate filtroak pasa behar dituzte kantuek eta aukeraketa bat egin beharra dago, derrigor. Egokienak ikusten nituen hamar kantu aukeratu nituen diskorako. Maketa grabatu eta taldea osatu ondoren, Beñat Igerabideren estudioan grabatu genuen. Etxean grabatzea bezala izan zen, inongo presiorik gabe. Otsailean prestatzen hasi eta azaroan atera genuen diskoa, beraz nahikoa denbora izan genuenez, moldaketa asko sartu genituen kantuetan. Oso gustura aritu ginen eta zorte handia izan dugu, edozein estudiok ez baitizu horrelako aukera ematen.

Diskoa nola ekoitzi zenuten?
Beñat Igerabidek produzitu du eta Rock CD Records diskoetxearekin kaleratu genuen. Diskoetxe ezberdinekin jarri nintzen harremanetan eta azkenean Rock Estatal Records etxearen azpi-zigilua den honek gauzak erraz jarri zizkidan. Promozio pixkat ere egin dute eta gustura nago. Geure aldetik ere egin dugu lana. Aurreneko egunetik disko osoa Youtuben eta Spotify plataformetan dago, fisikoki eta digitalki egotea inportantea baita. Facebook, Twitter eta Instagramen ere kontuak dauzkagu eta aktiboak gara sare sozialetan.

Nola ikusten duzu musikaren industriaren panorama?
Nik diskoa kaleratu nuen aste horretan, jakin nahi nuke beste zenbat lan argitaratu ziren. Eskaintza handia da, baina eskaera ez hainbestekoa. Oso zaila da izen bat egitea. Argi dugu poliki-poliki joan nahi dugula, gure tokitxoa egiteko helburuarekin. Hori lortzen badugu pozik egongo gara.

Bi bideoklip ere egin dituzue. 
Bai. Iaz Vuela conmigo singlea atera genuen eta bideoklipa grabatu genuen Madrilen. Orain, martxoa hasieran bigarrena atera dugu, Las sobras del amor. Youtuben ikusgai dago. Iaz jo genuen El andén Cafe Teatron, Donostian, eta han grabatutako irudiak dira bideoklipean jaso ditugunak.

Villabonan aurkeztu nahi izan zenuen bideoklipa martxoaren 2an eskainitako kontzertuan. 
Bai. Nahiz eta bideoklipa martxoaren 6an aurkeztu, aurre-estreinaldia herrian egin nahi izan nuen. Oso kontzertu hunkigarria eta polita izan zen. Aurretik ere Rbote tabernan jo izan dugu diskoa aurkezteko, Beertoki garagardo azokaren bueltan. Gu beti prest gaude Villabonara itzultzeko.

Zein merkatu duzue jomugan?
Datak oraindik zehaztu gabe dauzkagu, baina aurki gure webgunean iragarriko ditugu kontzertu berriak. Eta esan dezakegu, Espainia aldera joango garela kontzertuak eskaintzera: Zaragoza, Kantabria, Asturias eta Madril aldera ere jo nahi dugu. Gaztelaniaz atera dugunez, Ebrotik behera ere aurkeztu nahi dugu diskoa.

Villabonakoa izanik, euskalduna izanik... Zergatik egiten dituzu kantuak gaztelaniaz?
Nire erreferentziengatik. Erraztasun handiagoa dut nire sentimenduak gaztelaniaz adierazteko. Idazterako garaian joera hori daukat, nahiz eta ni euskalduna izan. Badauzkat abestiak euskaraz, baina ez dakit merezimendu nahikoa duten disko batean sartzeko. Saiatuko naiz hurrengo diskoren batean euskarazkoren bat sartzen.

Badituzu kantuak tiraderan?
Bai, orain bospasei abestirekin ari naiz, batera. Datorren urteari begira beste disko baterako nahikoa material egongo dela iruditzen zait.

Zein etorkizun aurreikusten diozu Sin mala intención taldeari?
Luzea. Nire proiektuari izen hori jarri nion, eta betirako izango dela pentsatzea gustatzen zait. Izan ere, nik beti jarraituko dut kantuak sortzen. Gero funtzionatuko duen edo ez? Ez dakit. Oso erlatiboa da. Ni oraingoz konforme nago kontzertuak lotzen ari garelako. Beraz, pozik nago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!