Zubimusu ikastolan egindako pintaketa gaitzesi dute

Ataria 2018ko mar. 9a, 15:41

Ikastolen Elkarteak gogor gaitzetsi nahi du Zizurkil eta Amasa-Villabonako Zubimusu ikastolako ate batean agertu den pintaketa morea, zeinean ikastola hau “segregatzaile” dela leporatu dioten.

Zubimusu ikastolako ate batean pintaketa agertu da: «Eskola kontzertatua, segregazionalista». Ikastolen Elkarteak erasoa gaitzesteaz gain, Zubimusu ikastolari leporatzen diotena «guztiz faltsua» dela salatu du eta zenbait sektoreren aldetik ikastolen aurka erabiltzen ari diren gezurrezko salaketen kanpainaren barruan kokatu du: «Kanpaina deitoragarri hori areagotu egin da Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berri bat onartzeko martxan den prozesua abian jarri zenetik». Ikastolen Elkarteak, «gaur bertatik hasita» kanpaina hori amaitzeko exijitzen du.

Steilas sindikatuak, bere aldetik, ikastolak jasandako erasoa «biziki» salatu eta gaitzetsi du eta hezkuntza komunitateari elkartasuna adierazi dio. Bide batez, Eusko Jaurlaritza jo du herri eta ikastetxeetan bizi den tentsioaren arduraduntzat, «ez baita egungo hezkuntza sistema klasista gainditzeko neurririk hartzen ari». Era berean, Ikastolen Elkarteari dei egin dio Steilasek, «jarrera biktimista agertu ordez, segregazioari aurre egin nahi diogun eragileokin elkarlanean aritzeko».

Ikastolen Elkarteak nabarmendu du, gizartea eraldatzea dutela helburu: «Gizarte justuago, parekideago, euskaldunago eta zoriontsu bat eraikitzeko». Norabide horretan, eredu hori garatzen, hobetzen, eraldatzen eta defendatzen jarraituko dutela esan eta «beste inoren ereduaren aurka» ez dutela joko nabarmendu dute. «Gure seme-alabak Euskal Herri hobe batean bizitzea nahi dugu».

Bide batez, Ikastolen Elkarteak bere oharrean nabarmendu du pintaketa egiteko kolorea martxoaren 8arekin lortu daitekeen arren, ezinezkoa egiten zaiola lotura hori egitea. Amasa-Villabonako EH Bilduk ere norabide berean hitz egin du eta «segregazionalista» eta «patriarkal» moduko «salaketa faltsuek» inolako tokirik ez dutela esan du. Are gehiago, pintaketek ikastolaren irudia «zikintzea» dute helburu koalizio abertzalearen ustez. «Egileen ezagutza falta agerian uzteaz aparte, Euskal Herri feminista eraikitzeko xedean herri eragile eta norbanako oro beharrezkoak dira», esan du.

Amasa-Villabonako EH Bilduk, gainerako eragileek bezala, elkartasuna adierazi dio Zubimusu ikastolari. LAB sindikatuak ere oharra kaleratu du eta margoketak «kezka handia» sortu diola aitortu du; Sindikatu abertzaleak «onartezintzat» du segregazioaren gaia ikastolei leporatzea. Beraz egoera hori gaindituko duen hezkuntza «inklusibo eta herritarra» lortzeko, hezkuntza sistema«propio eta burujabea» aldarrikatu du LABek.

 


 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!