«Atsekabe txiki batekin itzuli naiz Munduko Txapelketatik»

Asier Imaz 2018ko mar. 8a, 10:30

Pista estaliko txirrindularitzan, Munduko Txapelketa jokatu zen aurreko astean; Ane Iriarte billabonatarra bertan izan zen, Apeldoorn-en, eta bi probetan parte hartu ondoren, astelehenean itzuli zen etxera.

Europako Txapelketetan eta Munduko Kopan emandako mailarekin gustura iritsi zen Herbehereetara Ane Iriarte (Amasa-Villabona, 1995). Bere lehen Munduko Txapelketa zen. Ostegunean, scratch proba eta igandean, puntuaketa.

Zer moduzko esperientzia izan da?

Atsekabe txiki batekin nator.

Igandeko zure emaitzarik ez dago. Hortik al doa atsekabea?

Bai. Lasterketa hasi eta segidan konturatu nintzen bizikletan ez neramala beharko nukeen garapena. Beste txirrindularien pedalkada eta nirea ez ziren berdinak. Ezin nien segi eta segidan galdu nuen buelta bat.

Nola da posible?

Nahaste bat egon zen.

Zure errua izan al zen?

Ez. Nik ere ez nuen ulertzen zer gertatzen zen. 45-50 kilometro orduko abiaduran ibiltzen baldin bagara, garapen horrekin ezin nuen besteen atzetik joan.

Zenbateko garapena zen?

Lasterketan 15 hortzetako piñoia ematen baldin badugu, nirea 16koa zen.

Eta aldea izugarria da.

Izugarria. 16koa hankak askatzeko edo berotzeko erabiltzen duguna da. Bezperan hankak askatzeko erabili nuena zen lasterketakoa.

Noiz konturatu zinen?

Lasterketan hasi eta berehala. Fisikoki indartsu iritsi nintzen Munduko Txapelketara, baina igandean ezin nien segi. Besteen kadentzia eta nirea desberdinak ziren. Lehen buelta galdu nuenean hautatzaileari deitu nion, ea nire garapena zein zen galdetzeko. Berak 15ekoa esan zidan, baina ez zen horrela. Nire buruan konfiantza galdu nuen momentu batean, zer gertatzen zitzaidan ez nekielako.

Noiz baieztatu zenuen piñoia 16koa zela?

Bigarren itzulia galdu eta lasterketatik kanpo geratu nintzenean, segidan begiratu nuen.

Noiz hartzen duzu lehiarako erabiliko duzun bizikleta?

Lasterketa baino lehen ez dugu bizikleta horrekin kontakturik izaten. Azken momentuan puzten dira gurpilak, eta guk irteera puntuan hartzen dugu. Beroketak arrabolean egiten ditugu beste bizikleta batekin, eta gero oinez joaten gara irteera puntura. Mekanikoak bertan ematen digu lasterketako bizikleta, eta horrekin ateratzen gara.

16ko piñoia ikustean, nola erreakzionatu zenuen?

Dena gainera erori zitzaidan. Horrenbeste lan egin ondoren, Munduko Txapelketa ahalik eta hobekien prestatu ondoren...

Zure azken proba zen gainera. Lehenengoa scratch-a izan zen eta 18. amaitu zenuen.

Scratch-ean aurrerago amaitzea espero nuen, baina lasterketa moztu zenean nire kokapena ez zen ona izan. Aurrerago egiteko aukerak nituela uste dut, eta puntuaketa probara gogo horrekin joan nintzen.

Baina gogo hori kolpe bilakatu zen bai lasterketan eta baita ondoren ere.

Boxetatik atera eta kanpora joan nintzen. Ez nuen inorekin inongo arazorik nahi. Kanpoan inguruko jendearekin hitz egin nuen telefonoz, eta behin lasaituta, berriro barrura itzuli nintzen jendearekin hitz egitera, zer gertatu zen argitzeko asmoz.

Zer esan zizun?

Barkamena eskatu zidan. Bera ere txikituta zegoen. Garapen arazoa duzunean ezin da ezer egin. Zulatua izanez gero, gurpila aldatzen da, baina garapen arazoekin ezin duzu ordezko bizikleta hartu; ezin da ezer egin.

Intentzio txarrik ez dagoenean, gainera, ezin ezer esan.

Horrelako txapelketetan lan asko izaten dute. Lehiaketa eguna da eta eurentzat ere izugarrizko presioa dago. Bertan dauden teknikoak 11:00etatik 20:00etara gelditu gabe ibiltzen dira, kanpora ateratzeko denborarik gabe. Egunero horrela, tentsio handiarekin eta bizikleta piloarekin...

Lehen Munduko Txapelketa, inoiz ahaztuko ez zaizuna.

Iruditzen zait oraindik amets gaizto bat dela, eta esnatuko naizela. Baina ez, gertatu egin da eta ez dago besterik.

Eta hemendik aurrera?

Errepide denboraldiarekin hasiko naiz, pista momentuz albo batera utzita. Baina ez erabat, puntuak pilatu behar baitira adibidez Munduko Kopara joateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!