Elurteak izaten direnerako protokoloa onartu dute

Ataria 2018ko martxoaren 7a

Urtarrilean onartu zen, alkateak hala eskatuta eta joan den otsailaren 28ko elurtean ondo funtzionatu zuen. Ordu gutxiren buruan herria garbi geratu zen. 

Pasa den urtarrilean, Errege eguneko ezusteko elurtea eta gero, horrelako egoera klimatologikoek herrian dituzten eragin negatiboak gutxitzearren brigadaren jarduketa-protokoloaren zirriborro bat egin zezatela eskatu zien alkateak udaleko teknikariei. Aparejadorearen proposamena aztertu ondoren, jarraitu beharreko irizpideak eta elurteen kasuan gauzatu beharreko zereginak finkatzen zituen jarduketa-plan espezifikoa erabaki zen.

Lehenik eta behin finkatu zen Eusko Jaurlaritzatik alkatetzari edo udaltzain buruari iristen zaizkien ohar meteorologikoak aparejadoreari bidera ziezazkiola presazko izaerarekin, eta hark, burutu beharreko lanak koordina zitzala brigadaren arduradunarekin eta garbiketa egiten duten langileekin. Koordinazio lan horretan, eta elurteen oharrek arratsaldeei edo asteburuei eragiten dietenean, behar bezain aurrerapenarekin obra-brigadaren eta garbitasun-zerbitzuaren buruek zuzendutako langile talde bat edukiko da. Horretaz gain, brigadak "Iratze" lorezaintza enpresako langileen laguntza edukiko du.

Aldez aurreko planifikazio gisa, burutu beharreko zereginak eta lana egin behar duen langile kopurua jasotzen ditu barne-protokoloak: elurra kentzeko makina nahiz gatza banatzekoa prest egongo dira bezperan; gatza biltzeko hiru gune egokituko dira (Erreboteko Plaza, osasun zentroa eta Larrea 15) eta garbiketa lanean lagundu nahi duen edozein herritarren eskura egongo diren palak eramango dira udaletxera; Udaltzaingoak abisuak jarriko ditu ohiko tokietan, jarraitu beharreko gomendioekin.
Elur ekaitza hasten denetik jadanik finkatutako ibilbidea edukiko du elurra kentzeko makinak lotune eta sarbide nagusiak irekita egon daitezen lehenengo unetik: Amasan, Sandra baserrira doan bidea, Alustizara igotzen dena eta plazara doana, baita Andrestokirako bidea ere; Villabonan, autobiderako irteera guztiak, Larrea auzoko igoera eta jaitsiera, kale Berria eta interes bereziko beste guneak.

Hirigunean, Villabona-Zizurkil pasabidea garbituko da, Santiago Egoitzako eta osasun zentroko ingurua, Zubimusu zubia, Otsabirako eta Arratzainerako igoerak, ikastetxeen inguruak eta, noski, espaloi eta zebrabide guztiak. Mendietan, elurraren pisuagatik eroritako adarrak moztu eta bilduko dira.

Maite Izagirrerentzako barne-protokolo berriak pauso garrantzitsu bat suposatzen du udalak abiatutako etengabeko hobekuntza lanean: "Lehen ez da inoiz protokolo berezirik egon elurra egiten duen egunetarako. Oso harro nago, finkapenerako prozedura ezin hobea izan delako. Joan zen otsailaren 28an herria garbia geratu zen ordu gutxietan. Jarduketa-programa berri honen emaitza ezin hobea posible egin duten sailetako arduradun guztien eta langile guztien inplikazio handia eskertzea besterik ez dagokit."

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!