Beertoki garagardo artisauen azoka, apirilaren 7an

Ataria 2018ko martxoaren 6a

Apirilaren 7an Villabonan ospatuko dute Euskal Herriko Garagardo Artisauen Azoka. Hirugarren edizioa izango da aurtengoa.

Bertako produktu artisauen kulturan interesatuak dauden lau gazte dira antolatzaileak, bereziki garagardo artisauen munduan aritzen direnak. Pixkanaka Euskal Herrian produktu hau lantzen duten artisau desberdinak ezagutzen joan dira azken urteetan, eta ez dira gutxi kopuruz. Taberna eta denda gehienetan dagoen eskaintza eskasa ikusita, eta orokorrean jendeak bertako garagardo artisauen existentziaz duen ezjakintasuna dela eta, orain dela bi urte, garagardo mota hauek ezagutzera eramateko azoka antolatu zuten.

Lau gazte hauen helburu nagusia bertako produktu artisauak, kasu honetan garagardoa, aurkeztu eta eskaintzeko aukera ematea da. Jendeari Euskal Herrian dagoen aukera zabala eta kalitate altua erakutsiko diete azoka honekin. Era berean, garagardogile artisauei bultzada bat ere eman nahi diete, eta bide batez, Amasa-Villabonari eta Tolosaldeko eskualdeari bizia ematea ere bada antolatzaileen helburua.

Artisau azoka bat da Beertoki, bertan artisauek bere produktuak aurkeztuko dituzte, bertan kontsumitzeko edo eramateko aukera emanez.

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da. Aurreko bi azokak oso arrakastatsuak izan ziren eta mila pertsona inguru gerturatu ziren bertara. Iaz 17 garagardogile elkartu ziren, 60 garagardo mota baino gehiago eta bi janari postu izan ziren aukeran. Gauean herriko hiru tabernatan kontzertuak antolatu ziren.

Aurten azokaren formatua mantendu egingo dute.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!