'Nolako Amasa-Villabona nahi dugu etorkizunean?', bi parte hartze bilera

Ataria 2018ko martxoaren 2a

Bi bilera egingo dira martxoaren 6an eta 7an, Villabonan eta Amasan, hurrenez hurren, Tokiko Agenda 21 Plana prestatzeko diagnostikoa herritarrekin batera partekatzeko.

Tokiko Agenda 21 garapen jasangarri baten alde egiteko lan tresna eredu bat da. Eredu honek udaleko ingurumen arloa, ekonomia arloa eta arlo soziala barneratzen ditu, herritarren bizi kalitatea eta udal kudeaketaren hobetzea sustatuz.

Dagoeneko 10 urte pasatu dira Villabonako udalean garapen jasangarriaren alde lan egiten hasi zirenetik: 2007an Tokiko Agenda 21eko Plana osatu zuten eta geroztik, plan honen kudeaketa aktiboa egin dute.

2007ko Plana agortuta, iaz Amasa-Villabonako Tokiko Agenda 21 Plana berrikusteko prozesua abian jarri zuten, guztion artean udalerriko egungo behar nagusiei aurre egingo dion tokiko Agenda 21eko Plan berri bat definitu ahal izateko.

Lehenik eta behin udalerriko diagnostiko partekatua egiten hasi dira, non ikuspuntu teknikoaz gain herritarren ikuspuntua eta batez ere udalerriaren onura bilatzen dituzten pentsamendu eta hausnarketak jaso nahi dituzten.

Horregatik, martxoan egingo diren saioetan parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak: "Guztion artean egungo egoeraren ikuspegi partekatua osatu eta etorkizunari begira Amasa-Villabona udalerri jasangarriagoa egiteko indarrak non jarri beharko genituzkeen elkarrekin adosteko", esan du udalak.

Bi bilera iragarri dituzte:

Martxoak 6, asteartea

18:30. Subijana etxea (Villabona).

Martxoak 7, asteazkena

18:30. Kultur etxea (Amasa).

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!