Ibai ondoko pasealeku berria itxuraldatu dute, Villabonan

Tolosaldeko Ataria 2018ko ots. 27a, 10:07

Ula atzealdeko pasealeku berriak itxura aldatu du apaingarri berriak eta hainbat eserleku jarri dira.

Oria ibaia bideratzeko eta Zubimusu zubi berria eraikitzeko obren azkeneko lanetan udalak eta Eusko Jaurlaritzak garatutako negoziaketen ondorioz sortu den pasealekuan egin dituzte hirigintza lanak.

Osatuz Herrigintza (hilabete honetan amaitzen da) programaren lehenengo fase barruan dauden hobekuntza horiek espazio berri honi hiri pasealeku bati dagokion ekipamendua ematea suposatu dute. "Inguru berri hau herritarrek sarri erabiliko duten gune atsegin bat bihurtu nahi genuen" adierazi du Maite Izagirrek, erantsiz, zuhaitzak hazten diren heinean espazioa are eta ikusgarriagoa izango dela.

Bestalde, Osatuz programaren emaitzak beste tokietan ere ikus daitezke. Amalur Plazan eserleku guztiak aldatu dira, eta datozen asteetan gune horretako farolak eta bestelako elementuak margotzeari ekingo zaio. Hiri altzarien aldaketa (eserlekuena) jadanik gauzatu da beste guneetan: Etxeondo auzoan, Altzin kalean, Erniobea kalean eta kale Berrian, esaterako.

Datozen egunetan eliza alboko fatxada batean eserleku berriak ipiniko dira eta Larrea auzoko errepiderako aldean hiri altzari batzuk berrituko dira. Eta hemendik aste batzuetara, Larrea eta Arroa auzoetako eserleku guztiak aldatzearekin plan honi amaiera ematea espero da. "Aspektu honetan herriak erakusten zuen itxura narriatua aldatzea da ideia; hiri paisaia berritua eta kalitatezkoa edukitzea", azaldu du alkateak.

Autobus geltokiak argiztatu dira

Udala herriko autobus geltokietan argia jartzen hasi da. Helburua bikoitza da. Alde batetik, gauez inolako ikuspenik ez dutelako gune arriskutsu bihur daitezkeen puntuak argiztatzea, eta bestetik, Lurraldebus zerbitzuaren erabiltzaileei erosotasun handiagoko eremua eskaintzea. Momentuz, argi puntu horiek kale Berriko (Donostiarantz) eta eliza ondoko geltokietan jarri dira, eta datozen egunetan, gainerako geltokiak argiztatzen jarraituko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!