Ainhoa Mendia billabonatarrak Euskal Herriko neguko triatloi txapelketa irabazi du

Ataria 2018ko otsailaren 26a

Argazkia: Euskadiko Triatloi Federazioa

Erronkari Aranako Neguko VIII. Triatloia jokatu da asteburuan. Espainiako Koparako puntuagarria zen, baita Euskadiko Txapelketarako ere. Amasa-Villabonako eskiatzailea izan da lehen euskalduna.

Triatletek 8,3 kilometro egin zituzten oinezko lasterketan, 22 kiiometro bizikletaz eta beste 10 eskiekin.

Lehen sektorean, Enara Oronoz nafarra izan zen azkarrena emakumeen artean, eta Ainhoa Mendia seigarren izan zen. Bigarren sektorean, Isabatik Erronkari Aranako mendi zentrora igo behar izan zuten, eta azken saioari ekiterako Mendia zazpigarren postuan zegoen. Azkenean, bi postu aurreratzea lortu zuen billabonatarrak, eta sailkapen nagusian bosgarren amaitu zuen. Euskadiko Txapela, ordea, berea da.

Gizonezkoen artean, berriz, lehen atalaren amaierarako, Pello Osorok aurrea hartua zuen, eta Joan Freixa zegoen bigarren, segundo bakarrera. Freixak, ordea, lasterketa puskatu zuen bigarren sektorean. Minutu eta 14 segundoko aldea ateratzen zion Osorori eskiko 10 kilometroak egin aurretik. Osorok ez zuen amore eman, baina aldea murriztea lortu bazuen ere, Freixa izan zen garaile proban; Euskadiko Txapelketa, berriz, Osororentzat izan zen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!