'Belatxa' diskoa aurkeztuko du Bedaxagarrek Amasako elizan

Ataria 2018ko otsailaren 23a

Bihar, 19:30etik aurrera ariko da Zuberoako kantari eta musikaria, Mixel Etxekopar eta Sacha Standenekin batera.

Dantzari, txirula jotzaile eta kantaria. Ordena horretan garatu da artista gisa Jean Mixel Bedaxagar. 2015ean Belatxa (Elkar) diskoa atera zuen eta hori aurkezteko bira egiten ari da egunotan. Gaur Donostiako Lugaritz kultur etxean ariko da, bihar Amasako San Martin elizan eta igandean Mungiako Olalde aretoan.

Lan honetan, Mixel Etxekopar (ahotsa, xirula eta ttunttuna) eta Sacha Standen (arrabita, pianoa eta moldaketak) izan ditu lagun. Talde txiki baina eraginkor honekin iritsiko da, bihar, Amasara. Ekoitzi duen diskorik «mamitsuena» da 2015ean kaleratutakoa. «Inspiraziorik garbienak bildu nahi izan balitu bezala, oroimenik gustukoenak, doinurik maiteenak, sustraien erreferentziaz eta naturaren usainaz atonduriko lana osatu du».

Bihar, larunbata, 19:30etik aurrera izango da emanaldia Amasako San Martin elizan eta ez da ezer ordaindu beharko kontzertuaz gozatzeko. Amasa-Villabonako Udalak urtaro bakoitzeko emanaldi bat antolatu nahi izaten du Amasan eta iraila bukaeran, esate baterako, Xabier Lizaso piano jotzaileak eta Andoni Egaña bertsolariak Bi arreba ikuskizuna eskaini zuten elizan bertan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!