Audioaktak eskuratzeko Izfek eginiko aplikazio informatikoa azken fasean dago. Emaitzak, gaur egun, batzarreko transkripzioarekin eginiko aktaren legezko balio bera izango du. Amasa-Villabonako Udaleko urtarrileko udalbatzarrean egin zen erabateko proba, eta orain, udaleko teknikariek eskainitako konponbidea egokia den balioztatuko dute. Sistema hau probatzen udalerri pilota da Amasa-Villabona.
Tratatutako gaien nahiz grabatzen den saioan parte hartzen dutenen arabera indexatuko da audioaren azken fitxategia. Gainera, batzarrean jorratutako gaiekin lotura duten bestelako dokumentuak gehitu ahalko dira.
Programa ekitaldi mota ezberdinak (batzarrak, gobernu batzordeen bilerak...) grabatzeko erabili daiteke eta, egungo legeriak dioen arabera, batzarraren unean soilik erabili ahalko da, hau da, zuzenean; ezin izango da erabili aurrez egindako grabazioetan.
Audioakten aplikazioa grabazioa gauzatuko den lekuan dagoen ordenagailu batean instalatuko da, eta ordenagailu hori mikrofonora edo udalak duen grabazio sistemara konektatuko da. Programak merkatuan dagoen edozein grabaketa teknologiarekin funtzionatuko du, eta Windows edo Linux duen edozein ordenagailutan instalatu ahalko da.
Ondoren, audioakta udalaren eskura geratuko da.