Dokumental zikloa Gurea antzokian apirila arte

Tolosaldeko Ataria 2018ko ots. 19a, 12:15

Aurten ere, eta seigarren aldiz, villabona.dok dokumental zikloa antolatu dute Villabonako Udaleko kultura sailetik. Otsailaren 20tik apirilaren 24ra, hilean bi astearteetan eskainiko dira saioak herriko antzokian. Sarrerak bi euroan izango dira salgai.

Hau da aurtengorako prestatu duten egitaraua:

Otsailak 20, asteartea

20:00. Elkarrekin Together. Esploratzaile talde batek AEBko kostaldeko toki urrun batean dagoen uharte batera iritsi dira eta talde lanak sortu dituen hainbat egoera berri kontatzen ditu dokumentalak. Migueltxo Molina, Pablo Iraburu eta Igor Otxoak zuzendu dute eta euskaraz emango da.

Otsailak 27, asteartea

20:00. Angry Inuk. Alethea Arnaquq-Baril zinemagileak arretaz aztertu du itsas txakurren ehizak inuiten bizimoduan izan duen eragina. Larruen salmentarena, edo itsas txakurren ehizaren kontrako nazioarteko kanpainek zabaldu duten herri honen inguruko irudi negatiboa aztertzen da dokumentalean. Gaztelaniazko azpi-tituluekin eskainiko dute.

Martxoak 13, asteartea

20:00. Muchos hijos, un mono y un castillo. Gustavo Salmeronek zuzenduta, bere ama Julitaren bizimodua aztertzen du filmak. 2017ko dokumental onenaren saria eskuratu berri du eta krisi ekonomikoaren eragina azaltzen du: bizileku bikaina mantentzeko dirurik ez, baina familia aurrera ateratzea lortzen du Julitak.

Martxoak 27, asteartea

20:00. Baskavigin. La matanza de los balleneros vascos. 1615eko ekainean, Donostiatik abiatu ziren 86 balea arrantzale Islandiako iparraldera. Ehiza denboraldi arrakastatsuan zehar Islandiako biztanleen eta euskal eskifaien artean izan ziren gatazkak azaltzen ditu Aitor Aspek gaztelaniaz ondutako dokumentalak.

Apirilak 10, asteartea

20:00. Chavela. Catherine Gund eta Daresha Kyi zuzendariek Chavela Vargasen inguruko dokumentala osatu dute. 2012an hil baino 20 urte lehenago egindako elkarrizketetan hartutako eta orain arte ikusi ez diren irudiak dituzte abiapuntutzat. Gaztelaniaz ikusi ahal izango da filma.

Apirilak 14, asteartea

20:00. Arte al agua. Los bacaladeros de Terranova. 70eko hamarkada bukaeratik gaurdaino bakailaoren arrantzak izan duen gainbehera esplikatzen du Olivier van der Zee zuzendariak egindako dokumentalak. Protagonistek beren istorioa kontatzen dute, urte haietako bizipenak helaraziko dizkiguna. Gaztelaniaz ikusi ahal izango da

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!