Hassan Aitchaouk Antzuolako 8 miliak lasterketa irabazi du

Tolosaldeko Ataria 2018ko ots. 19a, 11:34
Argazkia: Goiena

226 korrikalarik hartu dute parte lasterketan, eta nagusitasun osoz gailendu da Aitchaou billabonatarra. Ane Zabala arrasatearra izan da lehen emakumea.

Aitchaou lehenengo aldiz lehiatu da Antzuolan eta "pozik" geratu da emaitzarekin: 1.07.25ko denbora egin eta garaipena lortu baitu. Andoni Gomez bergararra izan da bigarren, hiru minutura. Podiuma Asier Arza bilbotarrak osatu du, ia bost minutura helmugaratuta.

Hasieratik hartu du aurrea Aichaouk. Irimora bera iritsi da lehenengo eta atzetik izan du Gomez bergararra. Hain zuzen, lokatza izan da ibilbideko protagonista nagusia, Irimorako azken maldan, bereziki. Beherakoan kontuz ibili behar izan dute, erorikorik ez izateko.

Aitchaou lesio batetik irten berri da, eta lasterketa honekin hasi du denboraldia. Urte amaiera "oso gogorra" izan bada ere, eskualdeko korrikalariak azaldu du "sentsazio onak" berreskuratu dituela: "Zuntz haustura bat izan ondoren birus bati egin behar izan diot aurre. Kosta zait aurrera egitea, indarrik gabe bainengoen. Orain badirudi denboraldia indartsu hasi dudala, eta ea horrela jarraitzen dudan".

Aurrera begira Zegama-Aizkorri mendi maratoia du buruan. Lasterketa hori ongi joanez gero, Munduko Kopan lehiatzeko gogoa azaldu du billabonatarrak: "Agian lasterketa guztiak ez, baina batzuk bai behintzat". Selekziora ere itzuli nahiko luke Aitchaouk: "Gustura ibiltzen naiz selekzioarekin, eta berriro ere deitzen banaute, gustura itzuliko naiz", dio.

Emakumezkoen artean, berriz, Ane Zabala izan da azkarrena. Arrasatearra ere hasieratik izan da lasterketaren buruan, eta 1.25.15eko denbora behar izan du ibilbidea osatzeko. Bigarren Ainhoa Aspiazu bergararra sailkatu da 1.32.46ko denborarekin; eta, hirugarren Eskoriatzako Ane Perea izan da –1.33.54–.

Lasterketako argazki ugari goiena.eus atarian

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!