Hitzari musika gehitu diote

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko ots. 20a, 09:16

'Ez Dok Hiru. Euskal musikaren benetako istorioa' taularatuko dute Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak, Villabonan.

Mikel Martinez eta Patxo Telleria dira Ez Dok Hiru. Urteak dira elkarrekin ari direla antzezlanak eskaintzen; Kontenedore baten istorioak, Lezio berri bat ostrukari buruz, Euskara sencilloaren manifestoa, Larru haizetara, Euskarazetamol edo Lingua nabajorum dira lan horietako batzuk. Jada estilo propioa dutela ere esan daiteke. Euskara hutsez sortu eta eskainitako lanak egiten ditu bikote artistikoak eta Tartean Teatro ekoizpen etxeak azaldu duenez, «gertuko gizajendea da beti mintzagaia; euskara, euskal gizartea, kultura...».

Oraingoan ere horrela da. Euskaraz sortu eta antzezten duten lana da Ez Dok Hiru. Euskal musikaren benetako istorioa. Patxo Telleria da istorioaren egilea eta taula gainean biak aritzen dira. Izenburuak argitzen duen bezala, antzezlanean euskal musikaren istorioa kontatzen dute, beti ere bikotearen ikur diren ironia eta absurdoa erabiliz. Telleria eta Martinez ez dira bakarrik egongo egiteko horretan, zuzeneko musika ere badu-eta ikuskizunak.

Hiru musikari igotzen dira taula gainera eta horrela hitzari, zuzeneko musika eransten diete. Lana ezin da musikal bezala definitu hala ere, musika du ardatz, baina ez dela musikala argitu dute.

Ez Dok Hiru zigiluarekin izenpetutako lan guztietan bezala, honakoan ere esketxen bidez egituratu dute lana. Bi protagonistak Euskal Musikaren Historiari buruzko on line seminario bat grabatzera doazen bi unibertsitate irakasle dira. Adrian Garcia de los Ojos, Maria Arriaga eta Ivan Allue musikariak ere igotzen dira taula gainera eta euskal musikaren hainbat arlo jorratzen dituzte.

Aurreko lanekin konparatuz saltoa badagoela ere onartu izan dute Martinezek eta Telleriak, zuzeneko musika sartu baitute, eta horrek lana beste era batera egitera eraman baititu.

Ez Dok Hiru. Euskal musikaren benetako istorioak ordu eta laurden inguru irauten du eta umorea zein musika ditu ardatz, beti ere, euskal kultura oinarri hartuta.

FITXA

Egilea. Patxo Telleria.
Zuzendaria. Jokin Oregi.
Aktoreak. Mikel Martinez eta Patxo Telleria.
Musikariak. Adrian Garcia de los Ojos, Maria Arriaga eta Ivan Allue.
Ekoizpena. Ez Dok Hiru -Tartean.
Emanaldia. Villabonako Gurea antzokian, otsailaren 25ean, 19:30ean. Sarrera: 10 euro aldez aurretik (Amasa kafetegian eta Basajaun liburudendan) eta 12 euro leihatilan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!