Oposizioaren ekarpenekin onartu dute Amasa-Villabonako aurrekontua

Ataria 2018ko urt. 30a, 17:47

Astelehenean PSE-EEk proposatutako hiru zuzenketak onartu zituen udalbatzak eta EH Bilduren hamaseietatik zortzi atera ziren aurrera

EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zen aurrekontu proiektua asteleheneko osoko bilkuran. EH Bildu, abstenitu egin zen, nahiz eta «positiboki» baloratu udal gobernuaren jarrera. Xabat Laborde zinegotziaren hitzetan, «zuzenketa batzuk onartu izana, aurrera urratsa bezala baloratzen dugu, etorkizunean akordio zabalak lantzeko mugarri izan daiteke». Aurrekontu proiektuaren inguruan koalizio abertzaleak egin duen lana, «zentzuduna, propositiboa eta arduratsua» izan dela uste du Labordek eta oraindik ere aurrekontu parte hartzailea izateko pauso batzuk falta diren arren, oposizioaren zuzenketa batzuk onartuta, 2018ko aurrekontua, udal gobernuak proposatutako proiektua baina «dezente hobea» izango dela esan zuen.

Abstentzioa argudiatzerako orduan, «pisua duten zuzenketa batzuk atzera bota izana» aipatu zuen Labordek. Larrea parkea estaltzeko proiektuaz aritu zen. Parte hartze prozesu baten ondoren herritarrek zuzenean aukeratu zuten herriko zein espazio estali eta «eskaera historikoari» erantzuten dion proiektu hau egiteko, 201.000 euro bideratzea proposatu zuen zuzenketa batean EH Bilduk. «Lehentasunezkoa» bezala du proiektua eta Hirigintza saileko beste hainbat inbertsio txiki murriztearekin egingarria dela defendatu zuen astelehenean koalizioak.

PSE-EEk ere esana du Larrea parkea estali beharra dagoela, baina asteleheneko bilkuran, EH Bilduk egindako zuzenketaren aurka bozkatu zuen EAJrekin batera. Kontrara, jeltzaleek babestu zuten eta onartua izan zen beste zuzenketa bat aurkeztu zuen Arija sozialistak: herriko zein parke estali erabakitzeko ikerketa bat egiteko 10.000 euro bideratzea. EH Bilduren ustez azterketa hori egina dago aspaldi: «Ez du zentzurik azterketa errepikatzeak. EAJk eta PSE-EEk argi esan dezatela zergatik ez duten parkea estali nahi. Guk proiektua defendatzen dugu herritarrek horrela erabaki zutelako. Ez estaltzea, herritarrekiko errespetu falta da».

Honenbestez, alderdi sozialistak proposatutako zuzenketa onartu eta 10.000 euro bideratuko dira parkeen inguruko azterketa egiteko. PSE-EEk aurkeztutako gainerako bi zuzenketak aho batez onartu zituen udalbatzak: mugikortasun urritua duten 60 urtetik gorako herritarrak landagunetik erdigunera ekartzeko taxi zerbitzu bat eskaintzeko; eta Oriamendin eta Kale Nagusian udalak jabetzan dituen bi etxebizitzak birgaitzeko azterketa bat egiteko, 4.000 euro bideratzea.

HAMASEITIK ZORTZI

PSE-EEk aurkeztutako zuzenketa onartuta, norabide berean EH Bilduk proposatutakoa bertan behera geratu zen, eta aldi berean, etxebizitza hutsen diagnostikoa eta beharren azterketa egiteko diru partida bat jartzeko proposamena ere atzera bota zuten EAJk eta PSE-EEk. Ibon Ariznabarreta jeltzaleak azaldutakoaren arabera, «Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorra onartu ondoren egin beharko litzatekeela uste dugu». Koalizioaren ustez, ordea, «lehentasunezkoa» da azterketa egitea, «herrian zenbat etxebizitza huts dauden identifikatu eta zein etxebizitza behar erreal dagoen jakite aldera». Horretarako 15.000 euro bideratzeko EH Bilduren proposamena, ordea, bertan behera utzi zuten gainerako udal taldeek.

Seaska haur eskola publikoan haurrak matrikulatzen dituzten gurasoentzat diru laguntza sistema bat ezartzea ere proposatu zuen EH Bilduk. Jon Garmendia zinegotziak hitz egin zuen horren alde: «Udala, haur eskola honetako partaide da, eta matrikulazio kopuruari dagokionez dauden arriskuak saihestea da laguntza honen helburua». 10.500 euro bideratzeko proposamena atzera bota zuten EAJ eta PSE-EEk, Ariznabarreta zinegotzi jeltzaleak azaldu zuenez, «guraso bakoitzak aukeratuko duelako bere seme-alabentzako zein den eredu onena». Udal gobernuko kideek azaldu zutenez, dagoeneko badago haur eskolara bideratutako partida bat, 10.000 eurokoa, eta bertako arduradunekin adostuko dute diru kopuru horrekin zer egin.

Udalbitza, Gaindegia eta Euskal Memoria Fundazioari, bakoitzari, 1.500 euroko ekarpena egitea proposatu zuen astelehenean EH Bilduk. EAJk atzera bota zituen zuzenketak, lehen bi erakundeen kasuan «euren filosofiarekin» bat ez datozelako eta memoriaren gaiaren kasuan beste asmo batzuk badituelako 2018rako. Ariznabarretak esandakoaren arabera, «datorren urtean Amasa-Villabonak 400 urte beteko ditu eta publikazio bat egin nahi genuke horren inguruan; lehen udal demokratikoak aukeratu zirenetik 40 urte beteko dira aurten eta hori ere jorratu nahi genuke; Artxiboan moldaketa batzuk egin eta bertan aurkitutako lamina historiko batzuk berreskuratuko ditugu».

Villabonako Udalean ordezkaritza duten talde guztiak, hala ere, bat etorri ziren beste hainbat puntutan. Droga, alkohol, joko, apustu edo erosketa menpekotasuna duten pertsonak laguntzeko programara bideratutako partida gehitzea erabaki zuten, aho batez, EH Bilduk proposatuta. Kultur arloan, Aljibe Gauak ekimena berreskuratu eta kultur aniztasuna bultzatzeko diru sailak handitzea erabaki zuten alderdi guztiek eta gehikuntzak egin zituzten euskararekin loturiko hainbat partidetan. Koalizio abertzaleak proposatuta 3.000 euro gehiago bideratuko da euskara ikasteko urratsa eman dutenek eta baldintzak betetzen dituztenek euskara doan ikasi ahal izan dezaten; «Euskalgintzak historikoki izan duen aldarrikapen bat egia bihurtuko da Amasa-Villabonan», esan zuen Laborde zinegotziak. Bide berean, euskaltzaleak aktibatu eta euskararen erabilera indartuko duten dinamika herritarrak pizteko, beste 3.000 euro jartzea erabaki zuten EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk.

Zuzenketen bitartez onartutako diru sailak, Txermingo aparkalekua konpontzeko, hasiera batean gordetako 44.000 euroko partidatik kenduko direla jakinarazi zuen Amasa-Villabonako udal gobernuak.

ESKOLA PUBLIKOAN BERRIKUNTZAK EGITEKO ASMOA

Udal gobernuak prestatutako aurrekontu proiektuan inbertsiotarako gordetako diru kopuruaren berri eman zuen astelehenean Ibon Ariznabarretak (EAJ) eta aitortu zuen, «nagusiki mantenu lanetara» bideratuko direla diru sailak.

Abenduko osoko bilkuran egindako eskariari kasu eginik, 85.000 euro erabiliko dira eskola publikoan mantentze eta berrikuntza lanak egiteko. «Ados gaude, konpontzeko gauza asko daudela eta behintzat 2018an hasiera bat emango diegu lanei». Diru laguntza eskaerak ere egin ditu udalak, eskolako teilatua konpontzeko, galdara berri bat jartzeko eta frontoian itxitura jartzeko.

Irisgarritasun plana egiteko, argiteriari buruzko azterketa osatzeko, kiroldegiko aurrealdea garbitzeko, altzariak berritzeko, baserri bideak egokitzeko eta futbol zelaiko lanak amaitzeko erabiliko dituzte kopuru esanguratsuenak.

Kulturari dagokionez, Donostiako Jazzaldiarekin lankidetzan jarraituko du udalak eta operak streaming bitartez botatzeko asmoa gauzatuko du. Herriko organoak ere konponduko dira eta zinean baranda bat jarriko dute, beste zenbait konponketa egitearekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!