Publizitate eta propaganda ordenantza eztabaidatuko dute otsailan

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 29a, 13:17

Amasa-Villabonako udal gobernuak proposatu du ordenantza eta oposizioak aztertu ondoren, otsaileko osoko bilkuran aztertuko dute

Iragan abenduan udal gobernu taldeak (EAJ) udaleko gainerako talde politikoei (EH Bildu eta PSE) Villabonako espazio publiko ezberdinetan publizitatea eta propaganda era egokian erabiltzeko udal ordenantzaren zirriborro bat bidali zien.

Proposamenak, negoziatu daitekeenak, Tolosa, Andoain, Soraluze, Donostia edo Irun bezalako herrietan dagoeneko onartutako antzeko arauak hartu ditu oinarritzat, eta bizitza kalitatea eta gizartearen elkarbizitza hobetzea du helburu bezala, beti ere norberaren espresio eskubidea nahiz kolektiboa, eta hiri-ondarea babesteko beharra bermatuz.

Jeltzaleen eta sozialisten artean adostasun maila handia duen testuak EH Bilduren lehen azterketa jaso du jadanik eta talde horrek alkatetzari denbora gehiago eskatu dio ordenantza lantzeko. Maite Izagirre alkateak ezker abertzalearen proposamena onartu du eta, horregatik, ordenantza berri honen onarpena otsailaren amaieran egingo den ohiko osoko bilkurara arte atzeratu da: «Askotan kaleak kartelez eta propagandako elementuz josita daude, inolako ordenarik gabe eta edozein tokitan jarrita. Desatsegina eta anti-estetikoa gertatzen da. Villabonak hiri paisaia garbia eta guztiontzat atsegina eduki behar du. Akordio on batetara iritsi gaitezkeela uste dut», dio alkateak.

Amasa-Villabonako Udalaren ideia ordenantza honen onarpenarekin batera herriko toki estrategikoetan horrelako propaganda ipintzeko panel bereziak ezartzea da. «Propaganda egiteko era duela hogei urtekoa bezalakoa ezin daitekeela izan onartu behar dugu. Teknologia berriak, sare sozialak, dira etorkizuneko adierazpen moduak, eta kalean propagandak duen eragina gero eta txikiagoa da», azpimarratu du Maite Izagirre, Amasa-Villabonako alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!