Izena berritu du Flemingek, erreferentzia eginez izanari

Jon Miranda Labaien 2018ko urt. 23a, 09:41

Villabonako eskolak gaurtik aurrera kultur astea egingo du eta matrikulazio kanpainarako ikas komunitate osoak materialak prestatu ditu elkarlanean.

Dr. Fleming, Fleming eskola publikoa, Doktor Fleming ikastetxea... izen asko izan ditu orain arte Villabonan kokatuta dagoen eskolak. «Aurten izena finkatzea erabaki dugu», esan du Jesus Quesada ikastetxeko zuzendariak. Ikas komunitatean erabaki dute aurrera begira erabiliko duten izena: Fleming herri eskola.

Quesadak azaldu du izenaren zergatia: «Herri, herria egiten ari garelako, herriarentzat lana egiten dugulako, herritarrak sortzen ari garelako; eta eskola, ikasleen babeslekua, aniztasunaren ispilua, gune hezitzailea, pedagogia hausnartzailea dugulako». Villabonan 60ko hamarkadan sortu zen eskola berriaren izena ikastetxeko maisu batek jarri omen zion, penizilinari esker gerra garaian hanka salbatu ondoren. Eskoziako zientzialariaren omenez hautatu zuen izena. «Fleming horretan dago eskolaren jatorria eta gure izenaz harro gaude», esan du Quesadak.

Logo eraberrituak ere oinarrian du orain arte erabiltzen zutena, baina koloreak gehitu dizkiote: «Urdina, publikoa eta inklusiboak garelako; arrosa, hezkuntza emozionala eta sorkuntza lantzen ditugulako; horia, kulturartekotasuna eta bizikidetza lantzen ditugulako; berdea, osasuna eta ingurugiroaren defendatzaileak garelako; eta grisa, euskaldunak eta euskaltzaleak garelako».

Bide batez, oharrak jasotzeko, argazkiak ikusteko eta bideoak zabaltzeko web gune berria izango du eskolak: www.flemingeskola.eus. «Bizia, berritzailea eta argia da, ikusteko eta ikasteko, denei parte hartzeko aukera ematen diguna».

FLEMINGKIDETASUNA

Web guneak «Flemingkidetasuna» mundura hedatzeko balioko du. «Fleming eta Villabona, Villabona eta Fleming. Biak lotuta, ezin bata bestea gabe ulertu. Flemingek, beti hezitzaile, billabonatarrak hazi eta hezi ditu. Flemingek, beti euskaltzale, herrikoak eta herrira etorri diren kanpotarrak euskalduntzen. Fleming publikoa, doakoa eta irekia, ikasle zoriontsuen sortzailea», esan du zuzendariak.

Fleming herri eskolaren aro berria aurkezteko agerraldian izan dira ikastetxeko arduradun eta irakasleekin batera, bertan ikasten duten umeen gurasoak eta udal ordezkariak. Maite Izagirre alkateak hartu du parte prentsaurrekoan. Guztientzako esker hitzak izan zituen Quesadak, «elkar lanean, denon artean... familia bat garelako».

Matrikulazio kanpaina abian jarri den honetan, Gure bihotzeko eskola lelopean hainbat ekimen jarri ditu martxan Fleming herri eskolak. Kultur astea izango da gaurtik aurrera eta asteburuan bisita gidatuak egingo dituzte eskolan. Kanpainaren barruan eskuorriak, argazkiak, bideoak prestatu dituzte eta ikas komunitate osoa «inplikatu» dela aipatu du ikastetxeko zuzendariak: «Partaidetza, metodologia hausnartzaile eta aktiboak, talde lana, alaitasuna eta freskura». Aurkeztu duten bideoan, besteak beste, Fleming herri eskolako ikasle ohiak agertzen dira: Zigor Lampre musikaria, Oihana Iguaran bertsolaria, Joxe Amiama irakaslea, Iñaki Lizaso pilotaria edo Itziar Gastearena fubolaria, adibidez.

«Ikusteak merezi du, etortzeak merezi du, Fleming eskolak merezi du», esanaz amaitu du agerraldia Quesada zuzendariak.

'GURE BIHOTZEKO ESKOLA' KULTUR ASTEA

Urtarrilak 24, asteazkena

17:30. Funky-a.

18:00. Izen, webgune, logo eta spot berriaren aurkezpen ekitaldia.

Ondoren. Ipuin kontalaria.

Urtarrilak 25, osteguna

11:00. Arratzainen, aiton-amonak kontu kontari 5. mailan.

Urtarrilak 26, ostirala

17:00. Arroa plazatik danborrada.

Ondoren. Buruhandi eta erraldoiak.

Gauean. Eskola afaria zentroan.

Urtarrilak 27, larunbata

11:00. Euskaraz ate irekiak Arroako eskolan.

12:30. Gazteleraz ate irekiak Arroako eskolan.

Urtarrilak 29 - Otsailak 2

10:00 - 11:00. Bisita gidatuak Arroan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!