Zubimusu ikastolak Txermingo ikasgela berriak inauguratu ditu

Jon Miranda Labaien 2018ko urt. 18a, 10:37

2 eta 3 urteko umeen ikasgelak eta jangelak guztiz eraberritu eta Villabonako ikastetxeak martxan duten eredu pedagogikoaren zerbitzura jarri ditu espazioak

azko urtarrilean konfiantzaren pedagogia eredua ezartzeko guztiz eraberritu zen Zubimusu ikastolak Zizurkilen duen eraikina. Orain, gauza bera egin dute Villabonako Txermingo instalazioetan. Eremuak eredu pedagogiko jakin bati erantzuteko diseinatu dira; espazio zabal eta irekiak izango dituzte ikasleek.

Larunbatean, urtarrilaren 13an inauguratu zituzten Txermingo ikasgela berriak eta ikastolari babesa erakusteko asmoz bertan izan ziren Ikastolen Elkarteko ordezkariak, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo udal ordezkariak eta herriko beste hainbat elkarteetako kideak. Zubimusu ikastolako lehendakari Mikel Ugartek hartu zuen hitza eta ekitaldia baliatu zuen familiek ikastolarekiko duten «inplikazioa eta konpromisoa» eskertzeko.

«Ez da paretak bota, pintatu eta altzari berriak jartzea soilik. Hemen atzean ikastola ereduaren babesa dago, eta pedagogia sendoa. Neurozientzia dago, etologia dago, psikologia kognitiboa dago eta pedagogia sozio-konstruktibista», esan zuen Ugartek inaugurazio ekitaldian. Bi urteko umeari hasieran arrotzak egiten zaizkio irakaslea, ikasgela, jangela eta gainerako umeak. Pixkanaka egokitzen joateko prozesuan, Zubimusu ikastolak umeari, «goxotasuna, gertutasuna, babesa eta segurtasuna» eman nahi dizkiola nabarmendu zuen Ugartek.

«Gauza berdinari begiratzen diogu momentu berean, baina denok gauza ezberdinak ikusten ditugu. Orduan, ezberdinak bagara, zergatik hezi behar ditugu gure haurrak ezberdintasun hauek kontuan hartu gabe? Zergatik fabrikatu ikasleak seriean?». Ugartek aipatu zuenez, edukiak bere garrantzia badu ere, askoz garrantzitsuagoa da umeak aurrean izango duen arazoari irtenbidea bilatzeko gai izatea. «Horretarako motibazioa eta konfiantza oso garrantzitsuak dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!