Hileta zibilak egin ahal izateko ordenantza eske

Jon Miranda Labaien 2018ko urtarrilaren 16a

Amasa-Villabonako EH Bilduren udal taldeak ordenantza osatu eta onartzeko eskaera egin dio ofizialki udal gobernuari.

Bi hilabeteko epean, Amasa-Villabonan hileta edo omenaldi zibilak egiteko ordenantza bat eztabaidatu eta onartzeko eskaera ofizialki erregistratu zuen EH Bilduren udal taldeak joan den urtarrilaren 10ean. Ordenantza honen helburua, horrelako ekitaldiak egiteko udal lokalen edo herriko espazio publikoaren erabilera eta baimena arautzea izango da.

«Oinarri eta eredu interesgarritzat» jotzen duenez, Amasa-Villabonako EH Bilduk Ikaztegietako Udalak 2011n onartutako ordenantza dokumentua atxikitu dio eskaerari. «Hileta ekitaldia beraiek erabakitako moduan egiteko duten askatasuna errespetatzeko tresna izango da ordenantza», koalizio abertzaleak nabarmendu duenez.

GEROZ ETA ANITZAGOA

Ordenantza proposamenaren zioa azaltzerako orduan administrazio publikoen izaera ez-konfesional eta laikoa «funtsezko elementua» dela uste du EH Bilduk, eta ondorioz, elkarteen askatasun ideologiko eta erlijiosoa eta gurtzarako askatasuna bermatu behar dituztela erakunde publikoek.

Eskaera eginez luzatutako dokumentuan herriko pertsonen arteko aniztasun ideologiko, kultural eta erlijiosoa nabarmendu eta EH Bilduk aitortzen du, jendartea gero eta aberatsagoa dela ohituren eta ekintza sozialen adierazpenei dagokionez. Beraz, erlijiorik gabe bizitzeko aukera egin duten gizon eta emakumeek zeremonia duina eta pertsonala eduki ahal izateko beharretik sortu da eskaera, «herritar horiek bizitza ulertzeko duten modua errespetatu beharrekoa baita».

Honenbestez, erlijio ezberdinek hildako pertsonei azken agurra emateko liturgia-ekitaldi desberdinak dituzten moduan, hileta edo omenaldi zibilak egin ahal izatea ahalbidetuko duen araudi bat onartu dadin eskatu dio udal gobernuari EH Bilduren udal taldeak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!