Bere hitzaldian instituzio publiko guztiek garraio publikoa bultzatzeko helburu garbia dutela adierazi zuen, eta ildo horretatik, Marisol Garmendia Mugikortasun diputatuari gai honen inguruan akordio batera iristeko gonbita luzatu zion: "alkate lanak hartu nituenean, nire gobernuaren zutabe nagusiak negoziaketa eta akordioa bilatzea izango zirela azpimarratu nuen: gai honetan ere akordio on batera iritsi gaitezkeela sinesten dut", adierazi zuen.
Bere azalpen mamitsuan, oraingo foru planarekin bat ez datorren gai nagusienak zehaztu zituen: alde batetik, herri guztietan gelditzen diren lineetan egindako murrizketak kritikatu zituen, adibidez Lasarte-Oriarekin konektatzen duena aipatu zuen, herri garrantzitsu honetara joateko beste aukerarik ez baitago garraio publiko aldetik Villabona eta inguruko herrietan.
Bigarrenik, Tolosa-Villabona-Donosti autobus erdi-zuzenen maiztasunean egindako murrizketekin desadostasuna azaldu zuen, erabiltzaileen artean onarpen handia duen zerbitzua alajaina. Gainera, foru aurreproiektuak Donostian Magisteritzako Fakultatearen aurrean kokatua dagoen autobus geltokia kentzen du, "ikasleen kolektiboari kalte eginez, ekonomikoki zailtasunak dituen kolektiboa gainera, eta Gipuzkoako kanpusarekin konexio zuzena duena"
Hirugarrenik, eta arrazoi argiekin, Donostiako ospitaleetara zuzendua dagoen zerbitzua ez murrizteko eskaera egin zuen Izagirrek, eta azkenik, Aldundiari Resa Guipuzcoanako geltokia ez kentzeko presatu zion "baserri batzuetako bizilagunei dudarik gabeko zerbitzua eskaintzen dielako eta beste herrigune batzuekin konexio naturala delako".
Bukatzeko, Foru Aldundiari "instituzio arteko kolaborazio fidelari jarraituz", udalaren eta Marisol Garmendiak zuzentzen duen departamenduaren artean bilera bat egitea eskatu zuen, eta baita alderdi guztientzat onuragarria den akordio bat bilatzeko esfortzua egitea.
EAJ eta EH Bilduko batzarkideek Maite Izagirrek eginiko planteamenduekin bat etorri ziren eta Julio Astudillo PSEeko batzarkideak bere poztasuna adierazi zuen akordio batera iristera zuzenduriko deialdiagatik eta alkatearekin kolaborazio instituzionala bultzatu nahiagatik.