Larrea parkea estaltzeko eskatu du orain PSE-EEk

Ataria 2018ko urt. 9a, 10:49

2018ko aurrekontuan Larrea haur parkea estaltzeko diru sail bat gorde dezala eskatu dio Maria Luisa Arija zinegotzi sozialistak udal gobernuari.

Euria egiten duenean umeek babestuta egon daitezen beharrezkotzat jo du talde sozialistak parkea estaltzea, "herrian erabilienetako bat baita". 

PSE-EEko udal taldearen bozeramalearen esanetan, "aurrera eramanez gero, herrian izango genukeen lehen parke estalia izango litzateke". Arijak azaldu duenez, "helburua haurrentzako parkeak hobetzea da, etxeko txikienek espazio hauetaz gozatu dezaten urte osoan zehar eta euriagatik edo eguraldiaren zakartasunagatik jolasik egin gabe gera ez daitezen".

EH Bilduren erantzuna

Amasa-Villabonako udal taldeak bere webgunean erantzun dio PSE-EEk ohar bidez esandakoari. "Guk ondo gogoratzen dugu 2016an proiektu hau egiteko aurkeztu genuen aurrekontu-zuzenketaren aurka bozkatu zuela Arijak. Urteak daramatzagu Larreako parkea estali dadin eskatzen, ongi etorri Arija!", idatzi zuen koalizio abertzaleak atzo sare sozialetan.

Herritarrek emandako iritzia aintzakotzat hartu eta Larrea parkea estaltzea erabaki zuen 2015eko apirilean Amasa-Villabonako Udalak; udal gobernuan aldaketa eman eta asmoa bertan behera utzi zuen talde berriak, orduko alkate Iban Agirrek osoko bilkuran azaldu zuenez, "guretzat ere proiektu interesgarria da, baina inbertsio handia suposatzen du. Aurten obra hori merkeago egin daitekeen aztertuko dugu". Aurrekontuari osoko zuzenketa egin zion EH Bilduk eta besteak beste, Larrea parkea estali ahal izateko 142.103 euro bideratzea proposatuz. EAJk eta PSE-EEk zuzenketaren aurka bozkatu zuten. Harrezkero, geldirik da proiektua. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!