Makina berriak jarri dituzte Olaederra kiroldegian

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 5a, 10:49

Villabonako udalak onartutako inbertsioen barruan erosi dira aparatuak eta 18.000 euroko inbertsioa egin da horretarako.

 

Joan den urrian udalak onartutako inbertsioen planari jarraituz, Olaederra kiroldegiko gimnasioan kirola praktikatzeko aparatu berriak ipintzeko lanak amaitu dituzte duela egun batzuk: 2 bizikleta estatiko, spinning egiteko 4 bizikleta, step-erako 2 aparatu eta oinetarako bi pisu-makina jarri dira, hain zuzen.

Elementu berri horiek martxan dauden jadanik, eta kiroldegiko arduradunekin nahiz erabiltzaileekin hitz egin eta beharrak aztertu ondoren erosi dira, 18.000 euroko gastua suposatu dutelarik. Hala ere, eta materiala Kirolzer enpresa kudeatzailearen bitartez erosi direnez, aparatuen prezioan %40a aurreztea lortu da.

Udaletik azpimarratu dute Olaederra kiroldegiari dagokionean jarraituko den lan-ildoak bi ardatz nagusi izango dituela: "alde batetik, etengabeko hobekuntza prozesu batean oinarrituz zerbitzuen kalitatea mantentzea, eta bestetik, Kirolzer S.A. enpresarekin erosketa konpartituko kudeaketa indartu. Ibon Ariznabarreta (EAJ) kiroletako zinegotziaren esanetan, "horrela kalitatea hobetzea lortuko dugu herriarentzako kostu gutxiagorekin. 2016an inbertsio garrantzitsua egin genuen eta orain gure konpromisoa indartzen dugu".

Bestelako hobekuntzak

Azken aste hauetan Kirolzerrek kiroldegira sartzeko txartelak berritu ditu eta gainera, segurtasun baldintzak hobetzeko eta istripuak ekiditeko, bi neurri hartu dira: lehenik eta behin, eta udalaren aurrekontuaren kargura, larrialdietarako ateak aldatu dira; bigarrenik, adingabeek nahitaez bazkide txartela aurkeztu beharko dute gimnasiora sartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!