Bi peoi gehiago ariko dira lanean Amasa-Villabonan

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 2a, 16:15

Enplegagarritasun arazo larriak dituzten adin multzo jakin bateko eta iraupen luzeko bi langabetu kontratatu dituzte eta espazio publikoak garbitzeko eta hobetzeko lanak egingo dituzte sei hilabetez.

Tolosaldea Garatzenen baitan lortutako akordioaren ondorioz, eta enplegua sustatzeko erakunde horren programaren barruan, Villabonak horrelako lanetan eskarmentu handia duten bi peoi gehiago izango ditu urtarriletik aurrera.

Langile horiek sei hilabetez arituko dira udaleko brigadaren agindupean, eta Osatuz Herrigintza planaren lehenengo fasearen garapenerako izendatutako eginbeharrak jasotzen dituen lan-plangintzan oinarrituta ariko dira. Formazioko ikastaro labur bat jaso ondoren, beraien lehenengo zereginetako bat herriko espaloiak baporezko makina batez sakon garbitzea izango da, Oriamendi, Larrea eta Arroa auzoetatik hasita.

Lanaldi osoz arituko diren langile berri horiek iraupen luzeko langabetuak dira, 55 urtetik gorakoak, Tolosaldea eskualdean langabezia tasa altuenak dituzten adin-multzokoak hain zuzen. Langile hauek kontratatuz enplegagarritasun-arazo larriak dituzten pertsonak lan munduan txertatzea sustatu nahi dute Tolosaldea Garatzenen.

Udal gobernuko taldeak bere poza agertu nahi du lortutako akordioagatik, Maite Izagirre alkatearen hitzetan ez baita erraza izan: "hasiera batean gure herrirako langile bakarra izendatzea zen ideia; negoziaketatan eskualde mailan dugun bigarren herri izaera azpimarratu eta bi peoi izatea lortu dugu". Bere ustetan, kontratazio berri hauei esker gure hiri ingurunearen kalitatea hobetuko da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!