Pilotari onenen finala, Anttonen izenean

Tolosaldeko Ataria 2017ko abe. 27a, 14:18

Azken jaialdiaren eguna iritsi da. Abenduaren 30ean, larunbata, jokatuko da Antton Pebeten omenez antolatzen den txapelketaren finala, 17:30ean hasita.

24 bikoteren artetik, bi onenek jokatuko dute aurtengo eskuz binakako finala. Abenduaren 1ean hasi zen txapelketa, eta partida bikainak ikusi ahal izan dira Villabonako Bearzana pilotalekuan. Askok faboritotzat zituzten arren, Exposito, Alberdi, Garmendia, Gorrotxategi, Santxo, Peru Labaka... bidean geratu dira. Argi geratu da, berriro ere, pilota partidak jokatu egin behar direla, izenak ez dituela 22 tantoak oparitzen eta maila honetan edozeinek irabazi dezakeela. Horrek, emozioa ematen dio txapelketari, azken egunera arte inork ez baitaki nor iritsiko den finalera.


Pasa den abenduaren 23an jokatu ziren finalerdiei zegozkien bi partidak. Lehenengoan, Urbieta eta Arangurenek 22-14 irabazi zioten Salaberria-Garmendia bikoteari. Arangurenek, bere joko puntu ona berretsi zuen eta Garmendia baino gehiago izan zen. Lazkaoko atzelariak ez zuen bere egunik onena izan, baina Arangurenek, hori gertatzearen errua izan zuen. Azken honek, pilota gogor astindu zuen bi eskuekin eta kantxa asko zaindu.


Urbieta asteasuarrak, berriz, gogo handiz jokatu zuen berriro ere, eta Salaberria gazteari erasoan nahiz defentsan gailendu zitzaion.


Bigarren partidan, Arrieta eta Zezeagak 22-12 irabazi zuten Exposito eta Telletxearen aurka.
11-4 irabazten joan ziren partidaren hondarrean galtzaile suertatu zirenak. Tanto bat gehiago besterik ez zuten egin Arrieta sendo eta eraginkorraren, eta pilotazaleak aho bete hortz utzi zituen Zezeagaren aurka. Bergarako gazteak pilotakada ikusgarriak jo zituen. Oraindik ere entzuten dira jo zituen esku zartadak pilotaren aurka.


Finala oso irekia aurreikusten da. Bi pilotari gazte atzean eta beste bi esperientziadun aurrean. Aranguren agiñarrak bigarren finala izango duVillabonako txapelketan. III. edizioan, kadete mailan, txapela irabaztea lortu zuen Sein oiartzuarrarekin batera.


Xabi Urbieta asteasuarrak bere lehen finala izango du. Aukera paregabea du beraz duen palmares bikaina gizentzeko. Beraien aurkariek ere lehen finala izango dute. Hernaniko Arrietak, IV. edizioan atzelari jokatu zuen Santxorekin batera, maila ikusgarria emanez gainera. Baina oraingoan, txapela aurrelari gisa irabazi nahi du. Elorriotik jokatzen duen Zezeagak gorakada itzela eman du azken urteetan eta maila gorenean txapela irabazteko ilusioaz beteta dago.


Joko garbiko partida
Antton Pebet zena, Angelukoa zen sortzez. Bere azken tantoak Behar Zana taldearekin jokatu bazituen ere, lehen pilotakadak bertako Ardohytarrak pilota taldean eman zituen.


Bestalde, Amasa-Villabonan errebotean eta joko garbian jokatzen da; Behar Zana talde antolatzaileak, pilota eskolaren barruan, eskuzko eta palazko arloez gain, joko garbia gogotsu lantzen eta sustatzen baitu. Aipatu beharrekoa da gainera, harreman oso ona dutela Villabonako eta Angeluko taldeek.


Horregatik, keinu bat eginez joko garbiari eta Ardohytarrak taldeari, larunbateko pilota jaialdia elite mailako joko garbi partida bikain batek irekiko du. Angeluko taldekoak dira lau pilotariak, izan ere, maila oneneko pilotariak bertan baitaude. Batetik, J. Sisitiaguek eta Fredo Carricaburuk jokatuko dute eta bestetik, B. Drioletek eta E. De Paredesek. Beraz, jaialdia ikusgarritasun bereziarekin hasiko da.
Txapelketa guztian bezalaxe, sarrera doakoa izango da eta saski eder baten zozketa egingo da. Finalean, Urraki banatzaileak, Urdaira Sagardotegiak eta Baque kafeek eskainitako produktuekin osatutako saskia zozketatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!