Haserrea adierazi du plenoan, Fleming-eko ikas-komunitateak

Jon Miranda Labaien 2017ko abe. 20a, 07:55

Asteleheneko ohiko osoko bilkuran hiru mozioa aurkeztu zituen Amasa-Villabonako EH Bilduren udal taldeak. Bat atzera bota zuen udalbatzak, bestea onartu eta azkena erretiratu egin zuten zinegotziek.

Prebarikazioa eta justiziari oztopo jartzea egotzita, espetxe zigorra betetzen ari dira Amaia Agirregabiria Pasaiako alkate ohia eta Iker Rokandio jarduneko udal idazkaria. Pasaiako egungo alkateak eta zenbait alkate ohiek, beste hainbat herritarrekin batera, biei babesa emateko prestatu duten idatzia jarri zuen mahai gainean EH Bilduko udal taldeak astelehenean. EAJren izenean Eneko Urdangarin zinegotziak hitz egin zuen: «Aurkeztutako idatzia oso alde batekoa iruditzen zaigu. Ez dakigu zertan ekartzen den gai hau Villabonara, EH Bilduk berak Pasaian mozio hau aurkeztu ez duenean». Ezezko botoa eman zuten, beraz, sei zinegotzi jeltzaleek, eta «sententziarekin ados egon ez arren, legea errespetatzeko dagoela» iritzita, abstenitu egin zen Maria Luisa Arija zinegotzi sozialista. Beraz, alkatearen kalitatezko botoa baliatuta, bertan behera utzi zen koalizio abertzaleak aurkeztutako mozioa. Xabat Laborde EH Bilduko zinegotziak «ulertezintzat» jo zuen udalbatzaren erabakia.

Alderantziz, «argi eta garbi» adierazi zuten zinegotziek, Espainiako gobernuak onartutako Aurrekontu Egonkortasunaren Legeari buruzko aurkakotasuna. EH Bilduk aurkeztu zuen mozioa eta Labordek zehaztu zuenez, «lege horrek udalaren finantza autonomia mugatzen du».

Asteleheneko udalbatzan jolas ez sexisten inguruko kanpaina jorratzeko proposamena luzatu zuen EH Bilduk, «jakinik Eguberrietako kanpainaren atarian gaudela eta denborarik ez dagoela hori diseinatzeko». Horregatik, «eta asmoa ezerezean gera ez dadin», Nora Urbizu zinegotziak datozen egunetan udalak adierazpen instituzional bat egitea proposatu zuen. Horren alde agertu ziren gainerako udal taldeak, eta beraz, mozioa bertan behera uztearen alde bozkatu zuten, aho batez. Ondorioz, Gabonen aurretik, «eredu heteropatriarkala indartzen duten jolas sexista eta belikoak alde batera utzi, eta aniztasun etnikoa eta funtzionala kontuan hartzearen alde» agertuko da Villabonako Udala adierazpen instituzional batean.

Fleming, babes eske

Villabonako udaletxeko batzar aretoa jendez lepo bete zen astelehenean. Fleming ikastetxeko zuzendaritzako kideek eta Flemingoak guraso elkartekoek hartu zuten hitza galde-erreguen txandan. Luze eta zabal hitz egin eta haserre esan zuten udalaren aldetik eskola publikoak «bazterketa» jasaten duela, «diskriminazioa» aurrekontuetan. Udalarenak diren eraikin publikoetan ematen ditu eskolak Fleming herri ikastetxeak eta eraikin horien mantenu eta funtzionamendurako nahikoa diru ez dela bermatzen esan zuten gurasoek. Are gehiago, herrian dagoen itunpeko beste ikastetxearekin alderatuta, eskola publikoa «diskriminatu» egiten dela esan zuten. Hori frogatzeko datuak jasotzen dituen txostena ere aurkeztu zieten udal ordezkariei.

Beste bi puntu ere aipatu zituzten. Alde batetik, Fleming ikastetxeak Arratzainen dagoen eraikin publikoan ematen ditu LHko eskolak eta bertara joateko bideak behar bezala ez daudela esan zuten bertaratutakoek. Bestetik, kezkatzen dituzten beste hainbat gairen inguruan hitz egiteko hezkuntza batzorde baten beharra azpimarratu zuten.

Ibon Ariznabarreta, hezkuntza arloko batzordeburuak erantzun zien bertaratutako Fleming ikas-komunitateko kideei. Udalaren aldetik, hezkuntza publikoak bazterketarik ez duela jasaten esan zuen, eta behar horiei guztiei erantzuteko «aurrekontua mugatua» dela udaletxean. Hala ere, gerturatutakoen eskaerei erantzunez prest agertu zen guraso eta ikastetxeko arduradunekin hitz egiteko. Udal talde guztiak eta Fleming-eko kideak gaur eguerdian bilduko dira udaletxean gaiaz hitz egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!