Villabonako Oria merkatari elkarteak eman dio hasiera Gabonetako kanpainari

Tolosaldeko Ataria 2017ko abe. 15a, 20:57

Oria merkatari elkarteak, Amasa-Villabonako Udalaren babesarekin Gabonetako kanpainari hasiera eman dio eta lehenengo ekitaldi bezala Eguberrietako argiak piztu ditu. Oinkari dantza taldeak hartu du parte ekitaldian eta ondoren gaztainak eta txokolate beroa banatu dituzte gerturatutako herritarren artean.

Gabonetako argiekin batera, megafonia bat ere ezarriko dute herriaren erdialdean, eta gerturatzen denak Eguberrietako kantuak entzun ahal izango ditu.

Gabonetako kanpainari hasiera emango diete merkatariek argien piztuerarekin batera. Oria elkarteko dendetan egiten diren erosketek saria eduki dezakete. Izan ere, 1.000 euro sarietan banatuko dituzte: 125 euroko 8 erosketa txeke, elkarteko edozein dendetan gastatzeko. Gainera, Facebook-eko 'Villabonako Merkatariak' orrian erakusleiho lehiaketa jarri dute martxan. Herritarrek gustukoen duten erakusleihoaren alde bozkatuz, 40 euroko erosketa txekeen zozketan parte hartzeko aukera izango dute.

Abenduaren 20tik aurrera, bestalde, atrakzioak jarriko dituzte elkartearen eskutik. Errebote plazan auto txokeak eta karrusela; eta Txistulari plazan Txikiparka.

Tailerrak Gaztelekuan

Etxeko txikienentzat bestalde, Villabonako Gaztelekua eta Oria merkatari elkartearen artean, Gabonetako tailerrak antolatu dituzte. 4 eta 10 urte arteko umeentzat izango dira eta egunero hiru tailer ezberdin egongo dira: eskulanak, mugimendu jolasak eta margoketa. 16 umek parte hartu ahal izango dute gehienera eta abenduaren 22an eta 27an eta urtarrilaren 2an 17:00etatik 20:00etara izango dira tailerrak eta abenduaren 29an eta urtarrilaren 4an, 11:00etatik 13:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!