Inauguratu dute 'Zuretzat' herritarren arretarako bulegoa

Ataria 2017ko abe. 15a, 16:32

Gaur zerbitzuaren inaugurazio ofiziala egin dute eguerdian. Arratsaldean 16:00etatik 18:00etara eta bihar goizean, 10:00etatik 12:00etara instalakuntza berriak ezagutzeko jardunaldi irekiak egingo dituzte. Astelehenetik aurrera zabalik izango da Zuretzat, 08:00etatik 14:00etara.

Hemendik aurrera, amasar eta billabonatarrek izapide administratiboak egin ahal izateko bulego bakarra izango dute, Villabonako udaletxeko arkupeetan, lehenago Udaltzaingoaren bulegoa kokatuta zegoen tokian. Udalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin edo Eusko Jaurlaritzarekin egin beharreko izapideak bertatik kudeatuko dira eta horretarako bereziki prestatutako bi langile egongo dira bulegoan, lanaldi osoan. Gainera, eremu fisiko berritzaile bat prestatu da eta bertan jarritako ordenagailutik herritarrek izapide administratiboak egin ahal izango dituzte.

Imanol Lasa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatua izan da Villabonako inaugurazio ekitaldian. Nabarmendu duenez Gipuzkoan udalerri gutxi daude horrelako arreta zerbitzua dutenak: "Guk geuk Foru Aldundian, oraindik, ez dugu horrelakorik eta datorren urtean jarriko dugu martxan gisa honetako zerbitzu bat". Gainera, "gobernantza modu berrien inguruan lanean ari garen honetan, denok gara ezinbestekoak; beharrezkoa da zuzenekoa arreta eta herritarrei momentuan erantzuna ematea", esan du Lasak.

Maite Izagirre, Amasa-Villabonako alkateak hartu du hitza ondoren eta eskerrik beroenak adierazi dizkio Imanol Lasari, "bere presentziak berresten duelako Gipuzkoako Foru Aldundiak Villabonako udalerriarekin eta gure udal administrazioaren modernizazioarekin duen konpromisoa". Udal langileek kolektiboari ere zuzendu zaio Izagirre: "Azken hilabete hauetan buru-belarri eta elkarlanean aritu ondoren, errealitate bihurtu dutelako gure herriak behar zuen zerbitzu hau". Udal langileak dira, Izagirreren ustez, "udal politikaren mamia eta bizkarrezurra".

Hain justu, zerbitzu berrirako bereziki prestatutako bi langileek artatuko dituzte herritarrak, hemendik aurrera, Zuentzat zerbitzuan. Alkatearen esanetan, "udal honetan lehen aldiz, herritarrek leihatila bakarra izango dute, modernoa, azkarra, eraginkorra eta eskuragarria". Horrekin, administrazioa herritarrengana hurbildu nahi izan dute udal ordezkariek, herritarrek ez dezaten leihatila ezberdinetara hurbiltzeko obligaziorik izan. "Herritarren tokian jarri eta haien arazoei irtenbideak emateko gaude, inoiz ez arazoak sortu edo areagotzeko". Apustu bezala definitu du Izagirrek zerbitzua, "XXI. mendean murgildu nahi dugu burokrazia gutxituz eta gestioak erraztuz". Zerbitzua martxan jartzearekin batera, inork ez dio bere buruari galdetu beharko nora jo behar duen obrak egiteko lizentzia bat edo gizarte mailako laguntza bat eskatzeko.

Espazio berritzailea

Udal ordezkarien esanetan, zerbitzu berriak Gipuzkoaren puntan kokatzen du Amasa-Villabona, administrazioaren modernizazioari dagokionez. "Ilusioz betetako prozesua izan da, lan ordu asko eraman dizkiguna, eztabaidak eta aurrekontuari dagokionez ahalegin izugarria egin behar izan dugu. Baina ahaleginak merezi izan du", esan du alkateak.

Mugikortasun murriztua dutenekin ere gogoratu dira bulego berria atontzerako orduan, "administrazioaren aurrean desberdin senti ez daitezen". Gainera dekorazioari dagokionez, memoria historikoa berreskuratzeari keinu bat egin diote, "iraganak osatzen baitu gure talde identitatea amasar eta billabonatar gisa. Burujabetza berreskuratzeko, azken hamarkadetan administrazio publiko mailan eman diren pauso erraldoiez gogoeta egitera eramango gaituzte irudiok".

Zerbitzu berriari dagokionez, adostasun politiko erabatekoa egon dela azpimarratu du alkateak eta harro azaldu da, "ni herritarren zerbitzura egonik, haiek laguntzeko eta ez oztopoak jartzeko tresna bat ipini izanagatik. Eskerrik asko denoi".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!