Elkarbizitza eta tokiko merkataritza bultzatuko dituzte Eguberritan

Tolosaldeko Ataria 2017ko abe. 14a, 17:05

Kultur arloko elkarte, tokiko komertzio, erakunde eta beste hainbat entitateekin lankidetza bultzatuz Eguberritarako egitarau oparoa prestatu du Villabonako Udalak.

Villabonako udal gobernuak kultura eta tokiko merkataritzaren aldeko apustua egin du legealdia hasi zenetik, Maite Izagirre alkateak nabarmendu duenez. "Apustu horrek, bizikidetza eta garapen ekonomikorako hobekuntza ahalbidetu du", esan du Eguberritako egitaraua aurkezteko agerraldian.

Elkartegintza bultzatu nahi dute udaletik eta ekintza berriak bultzatu nahi dituzte, "euskal erakundeekin eta Donostiako Jazzaldia bezalako maila duten entitateekin kolaboratuz". Izagirreren hitzetan, udalerrian dagoen gabon giroa eta elkarbizitza sustatzeaz gain, Eguberritako erosketen kontsumoa Villabonako saltokietara bideratzeko helburua du udalak, "Amasa-Villabonak eta bailarako tokiko merkataritzak orain arte bezala erreferente izaten jarrai dezaten". 

Oria merkatari elkartean kanpaina

Tokiko merkataritzarekiko Villabonako Udalak duen konpromisoa indartuz, Oria merkatari elkartearekin elkarlanean aritu direla aipatu du Izagirrek. Merkatariek antolatu dituzten ekitaldiak udaleko aurrekontuen bitartez bultzatu nahi izan dituzte. Alkatearen esanetan aurten herriko eremu berriak argiztatuko dituzte: "Udaletxeak argiztapena izango du, Subijana etxeak ere bai, duen berezitasun eta kokapenagatik". Hain zuzen, Villabona eta Zizurkilgo Oria merkatari elkarteak Eguberrietan antolatu dituen ekitaldien berri eman du, bere aldetik, eta iragarri du Gabonetako argien piztuera egingo duela, ostiralean, abenduaren 15ean, 20:00etan Malkar plazan. "Aurten argien piztueraren ohorea Oinkari dantza taldeari utziko diogu", esan dute merkatariek, "eta gerturatzen den jendea gaztainak eta txokolatea jatera gonbidatuko dugu". Megafonia bat ere ezarriko dute herriaren erdialdean, eta gerturatzen denak Eguberrietako kantuak entzun ahal izango ditu.

Gabonetako kanpainari hasiera emango diete merkatariek argien piztuerarekin batera. Oria elkarteko dendetan egiten diren erosketek saria eduki dezakete. Izan ere, 1.000 euro sarietan banatuko dituzte: 125 euroko 8 erosketa txeke, elkarteko edozein dendetan gastatzeko. Gainera, Facebook-eko 'Villabonako Merkatariak' orrian erakusleiho lehiaketa jarri dute martxan. Herritarrek gustukoen duten erakusleihoaren alde bozkatuz, 40 euroko erosketa txekeen zozketan parte hartzeko aukera izango dute.

Abenduaren 20tik aurrera, bestalde, atrakzioak jarriko dituzte elkartearen eskutik. Errebote plazan auto txokeak eta karrusela; eta Txistulari plazan Txikiparka. Etxeko txikienentzat bestalde, Villabonako Gaztelekua eta Oria merkatari elkartearen artean, Gabonetako tailerrak antolatu dituzte. 4 eta 10 urte arteko umeentzat izango dira eta egunero hiru tailer ezberdin egongo dira: eskulanak, mugimendu jolasak eta margoketa. 16 umek parte hartu ahal izango dute gehienera eta abenduaren 22an eta 27an eta urtarrilaren 2an 17:00etatik 20:00etara izango dira tailerrak eta abenduaren 29an eta urtarrilaren 4an, 11:00etatik 13:00etara.

Kultur programazio zabala

Mertxe Garmendia, Villabonako kultura zinegotziak aurkeztu ditu Eguberrietako jaietarako antolatu dituzten kultur ekitaldiak. Garmendiak nabarmendu duenez, "herritarren parte hartze soziala eta elkarbizitza sustatzeaz gain, tokiko komertzioaren aldeko apustua egitea da Gabonetarako prestatu dugun egitarauaren helburua".

Hauexek dira antolatu dituzte ekimenak datozen egunetarako:

Abenduak 16, larunbata

19:45. Villabonako Jesusen Bihotza parrokian Eresargi eta Eresargi Txiki abesbatzen Eguberrietako emanaldia.

Abenduak 17, igandea

11:00. Amasako Tourseko San Martin elizan, Eresargi eta Eresargi Txiki abesbatzen Eguberrietako emanaldia.

17:00. Oliver magoa eta Eva. Balio magikoak ikuskizuna eskainiko dute Gurea antzokian.

Abenduak 20, asteazkena

20:00. Jesusen Bihotza parrokian The Lord taldearen gospel kontzertua. Ainhoa Egiguren eta Iñaki Miguel donostiarrek osatzen dute taldea. Ainhoak ahotsa jartzen die Iñakiren pianoren doinuei eta 2012tik gospel musikaren historiari errepasoa ematen diote elkarrekin. Doan izango da sarrera. 

Abenduak 21, osteguna

18:30. Loatzo musika eskolaren Eguberritako emanaldia, Gurea zinema aretoan.

Abenduak 24, igandea

18:00. Zunbeltz elkarteak antolatuta Olentzero eta Mari Domingiren jaitsiera. Otsabin txistorra banatu ondoren Errebote plazara jaitsiko dira.

Abenduak 22, 23, 29 eta 30

19:30. Jumanji generoko filma. Bienvenidos a la jungla izenburuarekin lau egunetan eskainiko dira pelikulak Gurea aretoan eta sarrerak 5,50 euro balioko du.

Urtarrilak 5, ostirala

Arratsaldean. Parrokiko guraso elkarteak antolatuta Errege Magoen etorrera egingo da.

Abenduaren 30a arte

18:30 - 20:30. Gurea aretoko erakusketa gelan Seve Iglesiasen margolanak izango dira ikusgai, paisaiak, erretratuak eta pintura abstraktua. Larunbatetan 10:30etik 13:00etara izango da ikusgai erakusketa.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!