Zuretzat herritarren arreta zerbitzuaren inaugurazio ofiziala burutuko da ostiralean udaletxearen arkupeetan, aurretik udaltzaingoaren bulegoa kokatuta zegoen tokian.
Zerbitzu berri hau, bere izenak dioen bezala, herriko bizilagun guztiei zuzendua dago eta udal gobernuak adierazi duenez, "alkatetzatik eta udaletxeko zerbitzu ezberdinetatik aurrera eraman den hilabete askotako lan handiaren fruitua da". Izapideak egiteko erabiltzen diren prozesuak aztertuko dira bertan, zeintzuk kendu eta zeintzuk sinplifikatu begiratuz. Zuretzatek herritarrei bizia errazagoa egin nahi die izapide administratiboak egiterako garaian bai udaletxearekin, baita Gipuzkoako Foru Aldundi eta Eusko Jaurlaritzarekin ere. Maite Izagirre Villabonako alkateak dioen bezala, “burokrazia gutxitu eta pertsona guztientzat irisgarria den leku berdin batean zerbitzu guztiak zentralizatu ditugu”.
Bulego berrian, "Amasa-Villabona administrazio modernoaren lehen postuan ipintzen duena", lanaldi osoko bi langile egongo dira bertara etortzen direnak artatzeko. Gainera, herritarrentzako prestatua dagoen eremu fisiko berritzaile bat prestatu da, horrela nahiko luketen herritarrek bertan jarritako ordenagailu batetik izapide administratiboak egin ahal izateko.
Inaugurazio ekitaldira, non herritar guztiak gonbidatuak dauden, Imanol Lasa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatua bertaratuko da. Gainera, ekitaldira etorri ezin duten herritarrentzat, ordutegi berezi batzuk jarri dira Zuretzat instalakuntza berriak ezagutzeko. “Jardunaldi ireki” hauetarako ordutegia ondorengo izango da: ostirala, hilak 15, 16:00etatik 18:00etara, eta larunbatean, abenduak 16, goizeko 10:00etatik eguerdiko 12:00etara. Herritarren arreta zerbitzu berria abenduaren 18tik aurrera, astelehena, 8:00etatik 14:00etara egongo da zabalik.
Maite Izagirrek, Zuretzat proiektua legealdi honetan indarrean jarritako negoziazio eta lan ildoari jarraiki aurrera eraman den lana dela azpimarratu du eta udaleko alderdi guztien onespena izan duen proiektua dela. “Udaletxe bat arazoak konpontzeko dago eta ez sortzeko”, dio Amasa-Villabonako alkateak.