«Gaur egun eskuragarriago bihurtu da geoteknologien erabilpena»

Jon Miranda Labaien 2017ko aza. 16a, 07:38

UEUrekin elkarlanean eta Donostiako Euskara Patronatuaren babesarekin, bihar, Donostiako Tabakaleran antolatu den 'Geomatika eta inteligentzia espaziala' jardunaldian parte hartuko du billabonatarrak.

Iaz formatu txikiagoan Hernaniko Oronan antolatu zuten lehen aldiz gisa honetako jardunaldi bat. Geoteknologiaren sektoreak daraman zabalkundea ikusita antolatu dute bigarrena eta Mikel Ayestaran (Amasa-Villabona, 1984) ariko da koordinazio lanak egiten.

Zer nolako lanak egiten dituzue Gislan kooperatiban?

Maiatzean sortu genuen kooperatiba gisa. Dedikatzen gara, gehienbat, inteligentzia espaziala eta geomatikaren arlora eta proiektuak egiten ditugu. Azterketa soziodemografiko ezberdinetan parte hartu dugu. Diziplina anitzeko taldea osatzen dugu: soziologo bat, geomarketing-ean aditua den beste lagun bat edota jasangarritasunean titulua duen beste bat ere badugu ekipoan. Horrez gain, Geografia Informazio Sistema (GIS) korporatiboak inplementatzen ditugu enpresetan eta administrazio publikoan.

Zein helbururekin antolatu duzue jardunaldia?

Geoteknologia hauek gizarteari eta azterketak egiten jarduten duen jendeari erakutsi nahi dizkiogu. Esperientzia ezberdinen bitartez ikus dezaten teknologia eskuragarria dela eta gai oso ezberdinetan aplikatu daitekeela.

Gai tekniko eta espezializatuen inguruko jardunaldiak beste hizkuntzetan egin ohi dira. Euskaraz, horrelako foro baten beharra sentitu duzue?

Gehienetan beste hizkuntzetan lantzen dira horrelako gai teknikoak. Ikusten genuen euskarak ere baduela hizkuntza tekniko eta goi mailakoa izateko aukera eta ikertzaile, langile eta teknikari talde handia gabiltzala euskaraz lanean. Helburua da jardunaldi hau elkargune izatea eta erakustea maila honetan ere erabiltzen den hizkuntza bat dela euskara.

Arrakasta izan du izen emateak. 

Gu ere harrituta gaude, ez genuen hainbeste jende espero. 60 lagunek parte hartuko dugu.

Zein profileko jendea gerturatuko zaizue bihar? 

Denetarik dugu. Gai oso ezberdinak lantzeko tresnak dira GIS-ak. Ikasleetatik hasi eta administrazio publikoan ibiltzen den jendearenganaino, edo unibertsitate mailan ikerkuntzan dabiltzan teknikariak ere izango ditugu gure artean.

Zer dira Geografia Informazio Sistemak? 

Mapa eta datu base bidez, aldagai ezberdinak adierazi eta aztertzeko sistemak dira, fenomeno ezberdinak lurraldearen gainean aztertzeko aukera ematen dutenak. Beste dimentsio bat ematen dute, beraz. Datu demografikoak, adibidez, taula eta grafiko bidez adierazita ikustera ohituta gaude, baina datu horiek lurraldean bere adierazpena dute, lurraldeko zonalde ezberdinetan kokatuz gero balio erantsia ematen diote azterketari.

GIS-ak zein alorretan aplikatu izan dira? 

Nahikoa alor teknikoan aplikatu izan dira orain arte, GIS-en softwarek duten lizentzien kostua handia izan delako, baina software libreak azken urteetan izan duen garapenarekin, esan dezakegu demokratizatu egin dela erabilera eta dagoeneko ikusi ditzakegu osasunaren inguruko aplikazio ezberdinetan. Geologian, biologian, hirigintzan... erabiltzen dira, gaur egun, eskuragarriago bihurtu delako teknologia hori.

Adibiderik jartzerik bai? 

Geomatika edo inteligentzia espaziala bezalako hitzak entzuten ditugunean arrotzak iruditzen zaizkigu, baina gehienok poltsikoan daramagun gailu mugikorrarekin, geoteknologia uneoro erabiltzen dugu. Google maps bidez edo google-i galdetzen diogunean gure ingurunean zein taberna dauden, GIS-en erabilera egiten dugu. Edo askotan, google-k bisitatu dugun jatetxea balora dezagun eskatzen digunean, gure geolokalizazioarekin lanean ari da. Egunero erabiltzen den teknologia modu argigarrian agertzen zaigu horrelako adibidetan.

Zein ekarpen egiten dio azterketari dimentsio espazial hori emateak? 

Nahaspilatutako datuak ordenatu eta modu grafiko batean adierazten lagundu, eta beraz, ondorioetara iristeko bidea zabaltzen digute. Gaindegiak duela pare bat urte egin zuen azterketa batean udalerrien hustutze maila edo zahartze tasa aztertu zuen eta hori bera mapa batean jarriz gero, ikusten da fenomeno zabalago bat den edo ez, udalerriaren muga gainditzen duen edo ez. Gainera, beste datu batzuekin gurutzatuz gero, adibidez, trenbide sareekin edo kapazitate altuko errepideekin, ikus daiteke, bideak pasatzen ez diren herrietan dagoen fenomeno bat dela udalerrien hustea. Datuei dimentsio espazial bat emateak bidea irekitzen du gauzak zehatzago eta sakonago aztertzeko.

Nola egituratu duzue biharko jardunaldia? 

Sarrera bat egingo dugu Iñaki Alegria UEUko lehendakariak eta nik neuk. Ondoren geoteknologia aplikatuaren joerak azaltzeko Victor Olayak hitzaldi bat emango du. Jardunaldia hiru bloketan antolatu dugu. Lehenengoan Euskal Herrian datu espazialak hornitzen dituzten geoatariak aurkeztuko ditugu eta bigarrengoan, Gorka Kobeaga, Bilbao Data Lab-eko kidea, R software estatistikoa eta geoteknologien arteko loturei buruz arituko zaigu tailer batean. Bazkalostean berriz, sei kasu praktiko aurkeztuko ditugu.

Zuk zeuk kasu horietako baten inguruko azalpenak emango dituzu. 

Bai. Udaletan erabiltzen diren datuen %80tik gora lurraldean kokatuta dago. Hiri altzariak, eraikin guztiak, azpiegiturak eta errolda ezberdinak toki jakin batean kokatzen dira. Hernaniren kasuan egin dena azalduko dut nik. Udalerrian erabiltzen dituzten datuak geo-erreferentzi horiek kontuan hartuta datu base batean sartu dituzte. Beraz, departamenduen arteko informazio fluxuak ez dira estankoak, transbertsalak baizik. Adibidez, Hernaniren kasuan, uholdearekin duten arazoarekin, jakin ahal izango dute zein enpresa edo etxebizitza izango diren kaltetuak, eta aldi berean, etxebizitza horietan pertsona helduak bizi diren edo ez. Garapenean dagoen proiektu bat da. Azken batean GIS-ek dutena da, datuak elikatzen joan behar diren heinean, beti martxan dauden proiektuak direla.

Potentzial handia al dute teknologia hauek udal kudeaketan?

Bai. Orain arte, teknologia bat izan da lizentzia kostu handiak zituena eta inplementatzeko, azpiegitura aldetik, inbertsio bat eskatzen zuena. Software librearekin eta Opendata filosofiarekin askoz eskuragarriagoak dira, udal ertain eta txikientzat ere.

Arlo askotan aplikatu daitezke GIS-ak?

Bai. Biharko jardunaldian adibidez, Airbnb aplikazioak Donostian izan duen efektuaz ariko gara. Bitxia da, baita ere, German Velayos biologoak aurkeztuko diguna: geoprozesamenduaren bitartez saguzarrentzako habitat potentzialen predikziorako GIS modeloa. Datu gehienak, edo gehientsuenak lurraldearen gainean adierazi daitezkeen momentutik, alor hau hamaika proiektutan aplika daiteke. Tamalez beste adibide asko aztertu gabe geratuko zaizkigu etengabe hazten ari den sektorea baita gurea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!