Memoriaren eguna gogoratu du Villabonako Udalak

Ataria 2017ko azaroaren 15a

Memoriaren egunean iragana ez ahazteak eta gure herriko memoria berreskuratzeak bizikidetza eraikitzeko duen garrantzia azpimarratu du Villabonako Udalak.

Villabonako Udalak, Giza Eskubideen eta elkarbizitzaren alde dihardu lanean eta gizarte osoak, eta bereziki biktimek jasandako ondorio lazgarriak "ahanzturan ez gelditzeko" baliatu dute Memoriaren eguna.

"Biktima guztiei gure elkartasuna eta hurbiltasuna adierazten diegu" esan du ohar batean Villabonako Udalak. "Etorkizuneko bizikidetzaren oinarri sendoak finkatzeak elkarlana eta batzen gaituen hori aztertzea eta horri heltzea suposatzen du. Bide horretan, euskal gizarteak bizi izan dituen eta bizi dituen egoera zail guztiak bere konplexutasunean aztertu beharrean gaude, errealitate anitzei erreparatuz, erantzun bateratuak emateko gai izan gaitezen".

Amasa-Villabonako biktima guztiak, giza eskubideen urraketak pairatu zein pairatzen dituzten pertsona guztiak gogora ekarriz, "aitortza" egin nahi die Villabonako Udalak eta ez "errepikatzeko bermea" aldarrikatu. "Egia, aitortza eta erreparazioa".

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!