Xaxi parkea auzolanean berrituko dute larunbatean

Jon Miranda Labaien 2017ko urr. 31a, 07:10

Villabonako Fleming herri ikastetxeko Arroako egoitzan dagoen patioa egokitzeko lanean ariko dira irakasle, ikasle, guraso eta herritarrak.

«Eskasa da gaur egun dugun parkea. Haurrak libreki mugitu daitezen, jolastu, gozatu, ikertu, harremandu eta amets egin dezaten jolastoki atseginago bat nahi dugu. Haurrak denetara moldatzen dira, daukaten horretara egokitzen dira, baina zerbait hobea eskaini nahi diegu». Horrela adierazi du Oihana Lopezek, Haur Hezkuntzako irakasle eta Fleming ikastetxeko idazkariak. Xaxi parkea auzolanean berrituko dute irakasle, guraso eta haurrek; bihar, jai eguna denez, lurra eta paretak prestatuko dituzte eta gero larunbatean, azaroaren 4an, festa giroan egingo dute auzolana, 09:00etan hasita.

Beste eskola askotan gertatzen den bezala, zementuzkoa da Fleming ikastetxeko Arroako Haur Hezkuntzako egoitzako jolas lekua. Parketxo bat du, etxetxo txiki batzuk eta baratza bat ere bai. «Umeek mugitzeko beharra dute eta guk irakasleok esaten diegu leihoetara ez igotzeko edo baratzeko lurrarekin ez jolasteko. Debekuei izkin egin eta behar horiek asetzeko zirrikituak bilatzen dituzte, ordea. Alternatiba bat eskaintzen ez badiegu, esploratzen jarraituko dute. Aukera bat eman nahi diegu jolastoki berriarekin», dio Lopezek. Lehen Hezkuntzako tutore eta Fleming ikastetxeko zuzendari Jesus Quesadaren ustez jolastokiak aukera pedagogikoak eskaintzen ditu: «Azken urteetan metodologiaren inguruko hausnarketa sakona egiten ari gara eta klase barruan bezainbeste aztertzen dugu kanpoan egiten dena. Iruditzen zaigu patioa gauza askotarako erabili daitekeela. Gelaren jarraipena da guretzat».



GUNE EZBERDINAK PARKEAN

Haurrei galdetuta eta haien beharrei erreparatuta pentsatu dituzte irakasleek jolastoki berriak izango dituen guneak. Egongo da gune naturala deiturikoa, non haurrek elementu ezberdinekin jolas egin ahal izango duten; jolas solteak ere izango dituzte eta lurrean margotutakoekin aritu ahal izango dira; pilotaleku txiki bat margotu, rokodromo bat atondu eta parkean dauden zutabeak baliatuta, oreka-desoreka jolasak prestatuko dituzte; lekua inguratzen duen pareta margotu eta arbela handi bat ere jarriko dute umeek han euren margolanak egin ahal izan ditzaten.

«Guk pentsatu dugu, baina guraso batzordean dauden lagunek prestatu dute aurrekontua, egin dituzte bilerak udalarekin, materia lortu eta beharrezko lanak egiteaz arduratu dira. Atzeko lan handia dago eta hori gurasoek egin dute», nabarmendu du Lopezek. Batzordean parte hartzen duten gurasoek azpimarratu dute eskola beraiena sentitzeko urratsa eman dutela: «Askotan guk geuk eta instituzioek delegazio gehiegizkoa egiten dugu irakasleengan. Erantzukizun guztia haiengan uzten dugu. Horrek ez luke horrela izan behar, gureago sentitu behar dugu eskola, eta guk geuk eraikitzea da horretarako lehenengo pausoa».

Quesadak ere bat egiten du baieztapen horrekin. «Eskola ez da gizartetik kanpo dagoen zerbitzu bat. Herrian parte izan behar dugu eta eskola aurrera ateratzea denon egitekoa da. Parkea berritzeko prozesuarekin oso dinamika positiboa sortu dugu eta gurasoekin sortu diren harremanak sendotu nahi ditugu aurrerantzean, beste egitasmo batzuk aurrera eramateko, eskola hobetu, eta herria aberasteko».


 

AUZOLANA FESTA GIROAN

Bart Villabonako Udalak osoko bilkuran onartutako inbertsio sorta berrian sartu dute jolastokiaren berritzea. 3.000 euroko partida jarriko du udalak obra egiteko eta eskulana herritarrek, gurasoek eta irakasleek jarriko dute. Quesadak aipatu duenez, «irakasle klaustroaren erdiak baino gehiagok larunbateko auzolanean parte hartuko du».

Izan ere, gurasoek aipatu dutenez, «jolastokia berritzeak bere horretan badu balioa, baino oraindik ere handiagoa du modu honetara egiteak, beste balore batzuk ari gara praktikan jartzen esperientzia honekin, eta seguru gaude eskola eta herria bera indartuta aterako direla». Urriaren 24an proiektua aurkeztu eta auzolana prestatzeko bileran 60 lagun baino gehiagok eman zuten izena eta «esanguratsua da kopurua» gurasoen esanetan. Indar hori irudikatzeko, haurrak bertan direla, festa giroan egingo dute auzolana datorren larunbatean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!