Inbertsio sorta garrantzitsua onartu dute

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 23a, 15:14

Datorren astelehenean, urriaren 30ean, Amasa-Villabonako osoko bilkuran Ogasun batzordeak erabakitakoa berretsiko dute. Udal gobernu taldeak aurkeztutako proposamenari oniritzia eman diote EH Bildu eta PSE-EEk.

Ogasun eta Aurrekontuen batzorde informatzaileak aurreko urriaren 16an onartu zuen 2017ko azken zati honetarako inbertsio berrien proposamena, gobernuko taldeak aurkeztutakoa (EAJ). Talde politiko guztien (EH Bildu eta PSE-EE) aldeko botoak jaso zituen proposamen horren helburua gaur egun jada badauden zerbitzuak hobetzea da, aurreko urteetatik zetozen egoera ezegonkorrekin amaitzea eta esparru desberdinetan garatzen diren ekintzak indartzea.

Talde eta erabiltzaile multzo desberdinekin adostu den inbertsio sorta berri honek, Olaederra kiroldegian material berria erosteko 18.000 euroko diru-kontu bat jasotzen du, diziplina anitzeko kirol-zerbitzu kalitatezkoa ematen jarraitzeko asmoarekin: zehazki, udalak 2 step, 2 bizikleta estatiko, spinning egiteko 4 bizikleta eta oinetarako pisudun bat erosiko ditu. Erosketa prezioak, gainera, %40ko beherapena du, Kirolzer enpresa kudeatzailearen bitartez egin baita. Kirol arloan, eta ikastetxeetan talde berriak sortzen ari direla kontuan hartuta, eskola kirolerako 2.500 euroko diru kontu bat jasoko da, saskibaloirako saski berriak, ping-pongerako mahaiak eta bestelako materiala erosteko.

Jubilatuen egoitzan edaritegia eta lokalaren aisi-gunea bereizteko manpara bat ipiniko da: "Horrela, adineko pertsonek taberna itxita dagoen egunetan ere erabili ahal izango dituzte instalazioak", dio Maite Izagirrek.

Hezkuntzarekin zerikusia duten inbertsioei dagokienean, onartutako proposamenak hobekuntza nabarmenak jasotzen ditu Fleming ikastetxeko instalazio desberdinetan. Arratzainen bainugelak eta patiorantz ematen duten aldagelak berrituko dira, 11.000 euroko inbertsioarekin. Bestalde, familiartekoen elkarteak eta zentroak berak egindako gomendioak jarraituz, Erniobea institutuko zazpi gela margotuko dira, aurreko ikasturtean hasitako planarekin jarraituz. Eta hirugarrenik, 3.000 euroko diru kontu bat gaitu da Arroako ikastetxeko Haur Eskolako guraso erabiltzaileek instalazioak hobetu ditzaten auzolanean. Txerminen Oinargi dantza taldeak erabiltzen duen lokal berriaren sarrerako atea eta burdin hesia ere konponduko dira (6.000€).

Alkatearen iritziz oso neurri egokiak dira eremu desberdinetarako, eta zalantzarik gabe, herritar askoren mesederako izango dira. "Gainera, estamentu desberdinekin eta erabiltzaile taldeekin erabakitako neurriak dira. Hori da lan egiteko gure era, eta horrela jarraituko dugu" dio Maite Izagirrek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!