Jon Erguin eta Zuriñe Frutos azkarrenak, Amasako lokatz artean

Mende laurdena beteta, 25. aldiz ospatu da, goizean, Amasako Mendi Duatloia, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren barruko proba puntuagarria, banaka nahiz erreleboka. Beste behin ere, lur bustia eta eguraldia izan dira protagonistak.

Guztira, ehun parte hartzailetik gora izan ditu gaurko lasterketak, eta horien artean, 25 bikotek egin dute lasterketa erreleboka. Proba nagusiari dagokionez, Jon Erguin eta Zuriñe Frutos izan dira, 23 kilometro eta 750 metrotako ibilbidea osatzen, bizkorrenak. Gizonezko beasaindarrak, ordubete, 23 minutu eta 42 segundotan gelditu du kronometroa, eta Zuriñe, berriz, bi ordutatik behera egin duen emakumezko bakarra izan da. Arabarrak, ordubete, 55 minutu eta 47 segundo behar izan ditu helmuga azken aldiz igaro bitarte.

Gizonezkoen sailkapenean, gauzak oso estu egon dira; izan ere, bigarren sailkatu den Eneko Gurrutxaga amasarrak, lehenak baino 15 segundo gehiago behar izan ditu, eta hirugarren geratu den Alain Santamaria errioxarrak, amaierako sprint bizi-bizian lortu du hirugarren postua, bigarrenarengandik lau segundotara. "Nire lasterketa egiten saiatu naiz, izan ere, banekien maldan behera Enekok aldea jango zidala", adierazi du Erguinek, helmuga gurutzatu ostean. Bestalde, "pena eta poza" sentitzen zituen Eneko Gurrutxagak lasterketa amaitu eta berehala. "Oso indartsu" ikusten zuen Erguin, eta lehen postua gertu izan du, baina azkenean, eta gurpila zulatu ostean, bigarren postuarekin konformatu besterik ez zuen.

Emakumezkoen lasterketak, hein batean, ez du zerikusirik izan gizonezkoenarekin. Izan ere, txapeldun izan den Zuriñe Frutosengandik, ia 11 minutura iritsi da bigarren sailkatua. Hain zuzen, Mayi Errastik, 2 ordu, 6 minutu eta 9 segundo behar izan ditu, eta bere atzetik helmugaratu den Esti Garciak, 2 ordu, 6 minutu eta 28 segundotan geratu du erlojua. Hala eta guztiz ere, 19 segundo besterik ez. Hortaz, hemen ere lehia estua izan da podiumeko beste bi postuetarako. "Bizikleta gainean oso gustura aritu naiz, eta hor atera diet denbora gehien nire aurkariei", zioen Zuriñek Amasako plazan. Horrela, azken kilometroetan "lasaiago" aritu dela ere aitortu du.

Zirkuitu berria zen Amasakoa. Duela urte gutxi martxan jarritakoa, eta lasterkari gehienentzat aproposa. Erguinen esanetan, "ibilbidea (Enekok diseinatua, gainera) oso polita zen, nahiz eta lokatz handia egon; bizikletarekin osatu beharreko tartea, gogorra eta era berean teknikoa zen". Eta baliteke lasterketa erabaki duen gakoetako bat 17 kilometrotako tarte hori izatea. Askotan, zaila izaten baita, bizikleta gainean aritzea, mendiko lasterketetan aritzen denarentzat, eta noski, baita alderantziz ere, txirrindularitzan aritzen diren guztientzat ere, zaila baita lasterka egin beharreko ibilbidea osatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!