'Jolaslekua piztu!' lelopean Arroa parkea berritu nahi dute auzolanean

Ataria 2017ko urriaren 24a

Azaroaren 4an auzolanean Arroako jolas lekua berrituko dute, irakasle, guraso eta haurren artean auzolanean. Izen emateko Arroako postontzian utzi beharko dira izen abizenak, guraso elkarteko norbaiti edo irakasleren bati aipatu edo flemingoak@gmail.com mezu bat idatzi beharko da.

Arroako jolaslekua gune aberats, atsegin eta erakargarriagoa bihurtu nahi dute haurrentzat, bertan libreki mugitu, jolastu, gozatu, ikertu, harremandu eta amesteko aukera izan dezaten.

Eskolako jolaslekua gune hezitzaile garrantzitsua dela kontuan izanik, gune horri buruzko hausnarketa egin eta parkea berritzeko proiektua diseinatu da. Haurrekin, urrian zehar patioari buruzko hausnarketa egin da. "Nolakoa da gure jolastokia? Nolakoa izatea gustatuko litzaiguke?" galderei erantzun diete eta haurren ideiak jaso eta jolastokientzat izenak proposatu dira.

Fleming herri ikastetxeak, Flemingoak guraso elkartearekin diseinatu dute parkearen proiektua eta gune naturalak, lur jolasak, jolas solteak, rokodromoa, oreka-desoreka jolasak eta arbela aurreikusi dituzte. Parkea auzolanean eraiki nahi dute eta parte hartu nahi duten gurasoei proiektua aurkeztuko zaie. Urriaren 24ean, asteartean egin dute hitzordua 16:30ean Arroako eskolan eta bertan azaroaren 4ko auzolana antolatuko da.

Azaroaren 4ko auzolana festa giroan egin nahi dute: familiak, ikasleak, herritarrak eta batez ere haurrak izango dira protagonista. Jolasleku berria sortzeko guztien arteko elkarlana bultzatu nahi dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!