«Alde handia dago inguru hurbilak esatetik, sari bat jasotzera»

Irailaren 22an, ostiralez, Gasteizko Legebiltzarrean ospatu zen Unibertsitate arteko V. Euskarazko eztabaida lehiaketan, hizlari onenaren saria jaso zuen Iñigo Otaegi billabonatarrak. Lehen aldia da sari hau banatzen dutela, eta berarentzat, “espero gabeko saria” izan zen.

Askotan, elkarrizketatzailearen tokian eserita, boligrafoa eskuan eta elkarrizketatuari entzuten jardun bada ere, oraingo honetan, Iñigo Otaegiri (Villabona, 1996), tentuz entzun eta esaldiak txukun osatzea egokitu zaio, hizlari onenaren paperetik, huts bat bera ere egiteko tarte handirik gabe, Eusko Legebiltzarreko jesarlekuan eserita balego moduan.
 
Hasi baino lehen, zorionak!
Eskerrik asko!
 
Nolakoa izan da eztabaida lehiaketa batean parte hartzearen esperientzia?
Egia esan, bote lasterrean etorritako proposamena izan zen. Irakasle batek, ilusio handia zuela esan zigun lau ikasleoi. Guregana espresuki etorri zen eztabaidaren inguruko azalpenak ematera, eta Legebiltzarrean, politikariek harrera egingo zigutela eta ondoren afari batera gonbidatuko gintuztela ere esan zigun. Konbentzitu eta animatu egin ginen. Talde bezala, finalerdietan kanporatuak izan ginen.
Hala ere, taldeko sariaz gain, bazen bakarkako sari bat, lehendabizikoz ematen zutena. Egia esan, ez nuen batere espero sari hori jasotzea. Sorpresa galanta! 
 
Irakasleak  espresuki zuongana joan zela esan duzu. A zer presioa ezta?
Ez. Berak, zurikeriarik gabe, komunikatzeko sena bagenuela eta legebiltzarreko atrilean gure komunikazio ahala eta gure ideiak plazaratzeko egokiak ginela aitortu zigun. Hori bakarrik esanda, erabat konbentzitu gintuen. Eta presioaren kontuarekin jarraituz, egia esan, politikari gehienek egunero egiten dituzte hanka-sartzeak; hortaz, alde horretatik lasaitasun puntu batekin joan ginen, elkarri animoak emanez. Aitortu beharra daukat, txapelketa hasi aurretik, gainerako parte hartzaileei entzuten, pixka bat ataka estuan sentitu ginela, baina, behin hitz egiten hasita, laurok gustura eta erraz aritu ginela esango nuke.
 
Helburu argi batekin joan zineten edo  gozatzera?
Argi eta garbi, gozatzera. Ez genuen inolako aurreikuspenik egin. Gainera, txapelketa jokatu baino astebete lehenago, formazio saio bat egin zuten gainerako talde guztiek; eta noski, egun hartan, gaia zein izango zen jakinarazi zieten talde guztiei. Horretaz aparte, eztabaidaren prozedura eta arau-hausteak zeintzuk izango ziren, eta atal bakoitzean, partaideek bete beharreko denbora kantitatea zenbatekoa izango zen ere aipatu zitzaien. Denborari dagokionez, esaterako, errekor berriak ezarri genituen, arau-hausteei zegokienez. Hori dela eta, ezin izan genuen finalerako sailkatu.
 
Zer dela eta zigorra?
Bada, hizlariok, hiru minuturen bueltan aritu behar izan genuen. Bost segundoko tartea uzten zizuten, motz geratu hala hizketa saioa luzatzeko. Gure kasuan, epaileak zigorrak nola ezartzen zituen, gainerako taldeen arteko eztabaidetan ikusi genuen. Erraz esaten da, baina gero jardun egin behar da. Guri gainera, gaiaren aurka aritzea egokitu zitzaigun eta hori zailagoa zen. Hala ere, uste dut, talde lan duina egin genuela, beste taldearekin, eztabaida goitik behera nahiko ondo tolestatu genuelako, alegia, ikus-entzuleentzat erakargarria izan zen hizketaldia osatzeko gai izan ginen, eta hori aipatzekoa da, batez ere, aurkako baldintzak izan genituela kontuan hartuta.
 
 
Zuk zeuk denbora barruan aritzea lortu zenuen?
Bai, nik lortu nuen esaldi guztiak denbora barruan sartzea. Gainontzean, oso ondo aritu ziren taldekideak. Nire kasuan, Legebiltzarrera, ia ezer praktikatu gabe joan nintzen. Denbora aldetik behintzat, etxean ez nuen kalkulurik egin, eta bertako zorroztasuna ikusita, ni ere halaxe ariko nintzela agindu nion nire buruari. Ondoren, hitz egiterakoan, pare bat alditan besterik ez nion begiratu erlojuari, hasterakoan eta amaiera aldera. Orduan, hiru minutuetara heltzeko hamar segundo falta zirela ikusi nuen, eta hala pentsatu nuen: «Lasto pixka bat sartuko dut, eta listo». [Barreak].
 
Zein zen eztabaidako gaia?
Gure kasuan, Nafarroako Unibertsitateko ikasleen aurka eztabaidatzea egokitu zitzaigun, eta honakoa izan zen gaia: «Guraso batzuk azken urteetan bere seme-alabak ez txertatzeko erabakia dela eta, gaindituta ziruditen gaixotasun batzuen berragertzea ikusi da. Osasun publikoaren arazoa dela kontsideratu eta mugatu beharko litzateke gurasoek seme-alaben tratamendu medikoa erabakitzeko duen eskubidea?». Egia da, aldeko jarrera egokituz gero, askoz errazagoa izango litzake jardutea, betiere txertoaren ebidentziak dituzulako. Hori dela eta, eztabaida gure aldera bideratzen saiatu ginen, beraiei egurra sartzen, konstituzioan jartzen zituen eskubideen kontuak aipatuz. Ez genuen helduleku eta hari-mutur askorik, baina beraiek ere aitortu ziguten, ondoren, estutu genituela.
 
Gainontzeko taldeetako ikasleek zer nolakoak ziruditen aurrebistan, eta eztabaidatzen?
Aurrez, guztiak ikusi genituen eztabaidatzen, eta oso ondo aritu ziren. Egia da, hasi aurretik, taldekideok elkarri aitortu geniola akaso eduki aldetik  eta prestakuntza aldetik ez, baina euskara mailan eta komunikazioari zegokionez, gehiago ginela, eta horri zukua atera behar geniola. Baina, ez genuen ezer espero, eta bakarkako sari hori ere ahaztuta genuen, gainera.
 
Sentsazio onekin amaitu zenuten edo arantzaren bat geratu zitzaizuen barnean?
Gure eztabaida amaitu ostean, harrituta geratu ginen guregana etorri zen jende kopuruarekin, genuen euskara mailagatik eta hitz egiterakoan transmititzen genuen lasaitasunagatik zoriontzen. Tartean, gure irakaslea, Euskaltzaindiko kideak, politikariak, Bakartxo Tejeria edota EHU-ko teknikarietako bat ere hurbildu zitzaizkigun. Oso hizlari onak ginela eta horrela jarraitzeko esaten ziguten.
 
Ondoren etorri zen, sari banaketa.
Momentu oso gogoangarria izan zen hura. Gainera, gure taldean, finalean aritu ziren bi hizlariren aldeko hautua egin genuen, eta irakasleak ere aitortu zuen berarentzat nor zen faboritoa. Baina, berak ere aipatu zigun gainerako irakasleen hautagaia neu nintzela. Hala ere, esanguratsua da, izan ere, ikusten zen, eztabaida bera, lehen minututik galduta genuela. Oso garbi ikusten zen bakoitza nondik zihoan, trajez jantzita, goitik behera apainduta joan ziren gainerako ikasleak, eta gu, berriz, pintxo-potera joango bagina bezala, guretzako formal kutsua duen janzkera estilo batekin. Baina, Legebiltzarrera sartu orduko honakoa esan genuen «Hemen dagoeneko nabarmendu gara, era batera edo bestera!». [Barreak].
 
Zu behintzat pozik egoteko moduan zaude, ezta?
Noski! Askotan, inguru hurbilak esaten dizu hizlari trebea zarela edota jarioa duzula. Baina, inguru hurbilak esatetik balio ofiziala duen sari bat jasotzera, alde handia dago. Beti izaten nuen zalantza, komunikazioaren munduan sartu aurretik, ondo aukeratu nuen edo honetarako balio nuen ala ez, eta agian, pixka bat sinisteko baliagarria izango zait. Beraz, bada baieztapen moduko bat, zure buruarengan konfiantza gehiago edukitzeko balio dezakeena. Hala ere, ez diot aparteko garrantzirik eman nahi, ez daukalako.
 
Zeintzuk izan ziren sari hori zuri ematearen arrazoiak?
Hemen, nik hiru gako nagusi nabarmenduko nituzke. Batetik, lehendik, gai beraren inguruko bi eztabaida entzunda genituen, eta hortaz, hirugarrenak ezin zuen bide beretik joan, oso errepikakorra izango litzatekeelako. Horren harira, banituen argudioak bestelako eztabaida baterako, nahiz eta edukiz oso indartsuak ez izan, eta ikus-entzuleak hori asko eskertu eta asko txalotu zuen. Bertso saioetan, adibidez, antzeko zerbait gertatzen da, kartzelako lanean. Bestetik, inprobisatzeko tartea izan nuen, bigarren sarrera egitea egokitu zitzaidalako, eta lehena egin zuenari (beste taldeko ikasleari), galdera egiteko aukera izan nuelako, berak erabilitako argudioak auzitan jartzeko. Horrela, jendeak, besteari entzun diozula baloratzen du. Azkenik, hizkuntza aldetik ongi aritu nintzela esango nuke, totelka ibili gabe eta tonu egokia mantenduz.
 
Garaikurrik edo ordainsaririk jaso al zenuen egindako lan onaren ordainetan?
Opariren bat edo beste zeramatzan aparteko poltsa bat oparitu zidaten. Baina, arrastoa utzi izanarekin geratzen naiz. Gainera, Gasteizen bost talde geunden, eta unibertsitate askotan, aurretik egiten dituzte txapelketak, bertako hizlari onenak zein diren jakiteko. Ondorioz, zenbat ikasle on zeuden ikusita, nire burua hizlari onena bezala izendatzea, egia esan, pozgarria da.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!