Erosketa saskian hasten da osasuna

Jon Miranda Labaien 2017ko urr. 5a, 08:02

Minbiziaren Aurkako Elkarteak larunbatean egingo duen 'Aiztondo martxan' ekimenaren aurretik, sukaldaritza saioa eskaini zuen Javi Riverok asteartean.

Hamabi lagunek hartu zuten parte, herenegun, Villabonako Behar Zana elkartean Minbiziaren Aurkako Elkarteak antolatutako tailerrean. «Merezi du erosketak egiten eta elikagaiak aukeratzen denbora bat inbertitzea, denbora hori gero gure osasunean irabaziko baitugu», esan du Javi Rivero sukaldari billabonatarrak. Saioa zuzentzen aritu da, Maider Sierra psikologoarekin batera.

Minbiziaren Aurkako Elkartearen barruan, prebentzio eta osasun hezkuntzako arloa darama Sierrak, eta hortaz, onkologo eta mediku askorekin du harremana: «Barazki eta frutak jan behar ditugula esaten digute, baina hortik aurrera hutsune handia nabari dugu». Ezagutza zabaltzeko asmoarekin antolatu zuten elkartetik astearteko saioa, «gutxienez jendearengan hausnarketarako bidea zabaltzeko». Kontziente dira mezu kontrajarri asko jasotzen direla eta Riverok dioenez «errazegi ezartzen da katedra». Horregatik, bere esperientziatik jardun nahi izan zuen sukaldariak asteartean. «Gure egunerokoan elikagai asko erabiltzen ditugu eskuartean eta pilatutako ezagutza transmititu nahi dugu tailerrean».

HIRU ERREZETA, HIRU EROSKETA

Hiru errezeta banatu zizkien Riverok tailerrean parte hartu zutenei: kuiatxo kaneloiak hummusarekin beteak; kukuluak jogurt eta urrekin egindako ozpin saltsan; eta postrerako, meloia plantxan, piku erre, anisean eztitutako mahats, basafruitu, oliba olio eta panelarekin. Hiru platerak egiteko beharrezkoa ziren osagaiak apuntatu eta 40 eurorekin erosketak egitera atera ziren parte hartzaileak; baina atera aurretik jarraibide batzuk eman zizkien Riverok: «Talde batek ahalik eta erosketa merkeena egin beharko du, besteak herriko saltoki txikietara jo beharko du eta azkenekoak, etiketari begira, elikagai garbienak erosi beharko ditu». Agindutakoa txintxo bete eta hiru taldeak 40 minuturen bueltan itzuli ziren elkartera erosketak eginda.

Ekarritako jakiak banan-banan aztertzeko aukera izan zuten gero. Riverok aipatzen duenez, «elikagaien industrian faktore askok eragiten dute eta atzean interesak ezkutatzen dira. Horretaz guztiaz kontzientzia hartzeko hondar aletxo bat jartzea da helburua». Horri, norberak bizi dituen hainbat baldintza erantsi dizkio Sierrak: «Erosketak egiterako orduan zerikusia du zenbat denbora dugun horretarako, zein ahalmen ekonomiko dugun edo zein diren gure ohiturak». Dagoenaren, garenaren eta ahal dugunaren arteko gurutzaketa horretan oreka bilatuz, «osasungarria den dieta lor dezakegu», saioa gidatu duten bi lagunen iritzian.

Dena, ordea, ez da erlatiboa eta Minbiziaren Aurkako Elkartetik saiatzen dira adierazten elikagai batzuk toxikoak eta gure osasunerako kaltegarriak direla. Prestakuntzan ere, sukaldean aritzeko modu ezberdinek, propietateak galarazi diezaieke, berez, osasungarriak diren elikagaiei. Astearteko tailerrean, herriko saltokietatik eramandako elikagaiei, «ahalik eta etekin handiena ateratzen» saiatu ziren sukaldean. Prestatutako hiru platerak dastatu zituzten, ondoren, tailerra borobiltzeko.

Gaur, 18:30ean, show cooking saioa egingo du Riverok Berdura plazan eta tratamendu onkologikoak dituztenei hainbat argibide emango dizkie. Larunbatean, berriz, Aiztondo martxan ekimena gauzatuko da bailaran.



 

EGITARAUA

URRIAK 5, GAUR

18:30. Villabonako Berdura plazan, Ondo jan, ondo bizi show cooking saioa. Tratamendu onkologikoek liseriketa aparatuan sor ditzaketen eragozpenak gutxitzeko ideiak, Javi Riveroren eskutik.

URRIAK 7, LARUNBATA

09:30 - 11:00. Kirol ekintza ezberdinak 8 urtetik gorakoentzat Zizurkilgo Pedro Mari Otaño ikastetxean.

09:30. Larraul, Asteasu, Alkiza, Zizurkil Gora eta Adunatik abiatuko dira ibilaldiak Zizurkilgo Joxe Arregi plazan bukatzeko. Herri bakoitzeko plazetan izango dira irteerak.

11:10. Joxe Arregi plazan harrera egingo zaie ibilaldiei eta ondoren Villabonara erraldoi eta buruhandiekin kalejiran abiatuko dira.

12:00. 2018an Zarauzko herriari testigua pasako zaio, datorren urteko festa antolatzeko.

12:15. Villabonako plazan zumba eta kiroldegian spinning saioa; Topic-ek txotxongilo tailerra eskainiko die gerturatzen diren umeei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!