Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017

Oihana Iguaranek irabazi du Leitzan

Jon Miranda Labaien 2017ko urriaren 1a

Amasako bertsolariak irabazi du hirugarren final-laurdena, 714 puntu eskuratuta. Honenbestez, Durangon kantatu beharko du, azaroaren 12an jokatuko den finalaurrekoan.

Zortziko handian ondo bete ditu lanak Julio Sotorekin ofizioa osatuz. Arrazoietan sendo agertu da amasarra eta bikain asmatu du zortziko txikian Iñaki Apalategiri erantzuten. Umorez betetako elkarrizketa osatu dute.

Lehen puntu erantzunean trabatu den arren, ariketa horretan ere ondo bete ditu lanak Iguaranek eta arratsaldeko irristada hamarreko txikian egin du Oihana Bartra kantukide zuela. Aldrebes ulertu du gaia hasieran, ez zegokion papera hartuz. Hala ere, kartzelakoan borobildu ditu lanak, "zure giltza sortatik giltza ateratzen ari zara" gaiari erantzunez. Alkatetzako giltza utzi duenaren paperetik kantatuta hiru bertso eder osatu ditu.

Iguaranen atzetik hamabi puntuko tartean sailkatu dira, hurrenez hurren, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Julio Soto eta Unai Agirre. 619 puntu lortuta azken tokian Oihana Bartra sailkatu da.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen faseak bide erdia egin du. Datorren larunbatean Zallan eta igandean Zumaian jokatuko dira laugarren eta bosgarren final-laurdenak, eta urriaren 14an, azkena Tolosako Beotibarren.

Oihana Iguaranekin batera, Zallan puntu gehien lortzen dituen bertsolaria eta Aitor Mendiluze lehiatuko dira Durangon, puntuazioz sailkatutako beste hiru bertsolarirekin batera. Final-laurdenetan aritu diren Mikel Artola eta Beñat Iguaran sailkapen horri begira egon beharko dute finalaurrekoetan kantatzeko aukera duten edo ez jakiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!