Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017

Seguran eta Leitzan gureak (H)arituko dira

Jon Miranda Labaien 2017ko ira. 29a, 07:51

Txapelketa Nagusiaren barruan Beñat Iguaranek kantatuko du bihar Seguran eta Oihana Iguaranek etzi Leitzan. Mikel Artola Baigorriko final-laurdenean bizi izandako esperientziarekin gustura agertu da.

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren eta hirugarren final-laurdenak jokatuko dira asteburuan Seguran eta Leitzan. Bihar, Beñat Iguaranen txanda izango da eta Ander Fuentes Itturri, Felix Zubia, Jon Martin, Nerea Elustondo eta Unai Gaztelumendi izango ditu kantu kide Segurako Baratze pilotalekuan. «Gogoz» dago amasarra txapelketari ekiteko eta gustura agertu da bertso eskolan orain arte egindako lanarekin. Bakarkako ariketetan «dezente mejoratu» duela dio Iguaranek eta biharko saioan «ez erortzen» saiatuko dela.

Etzi, berriz, Oihana Iguaranek kantatuko du Leitzan. Aldez aurretik begiratuta, final-laurden guztietatik indartsuena da igandekoa, alboan izango baititu amasarrak Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Julio Soto, Oihana Bartra eta Unai Agirre. Sei bertsolaritatik lauk Gipuzkoako finala ezaguna dute eta Soto berriz, aurtengo Nafarroako txapelduna da. «Sekulako saioa tokatu zait», aitortu du Oihana Iguaranek, «baldintza egokiak egongo dira bertsotan egiteko». Horrelakoetan hazi egiten da, gainera, Amasako bertsolaria.

Artola gustura egindakoarekin

Aurreko larunbatean Baigorrin ospatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen final-laurdenean aritu zen Mikel Artola alegiarra. ATARIA irratiko aste honetako (H)ari naizela irratsaioan errepasoa eman dio saioari. Txapelketan berriz kantatzeko esperantzak galduta dauzkala dio Artolak eta Baigorrin «tiraka» aritzearen sentsazioa izan bazuen ere, bere bertsokera erakusteko aukera izan zuela uste du: «Dramatikora jo gabe, egunerokotasunean entzun eta esaten ditugun gauzak kantatu nahi izan nituen».

Alegiako bertsolaria ondo prestatuta joan da Txapelketa Nagusira, eta hasiera batean egindakoarekin gustura geratu ez arren, esperientzia «ona» izan dela dio Artolak: «aukera polita da bertan kantatu ahal izatea eta uste dut ez dudala kexatzeko motiborik».

Lehen tokian kantatzea egokitu zitzaion larunbatean eta horrek kalte egin ziola iruditzen zaio. «Gu ez gaude horrelako plaza handi batera ohituta eta nahiz eta goizetik zentratuta nindoan, arratsalderako tentsioa pilatu zitzaidan». Hala ere, bertsoak berriz entzunda, bidean ale politak utzi zituela iruditu zaio, batez ere, zortziko handian eta hamarreko txikian eta baita kartzelan ere. «Ez nuen semerik galdu nahi, semerik ez dudalako. Dakidan hori baino ez diot esan nahi publikoari eta egunerokoan guztioi gertatu izan zaigun gai bat hautatu nuen kanturako. Gero ez dakidana da ondo esplikatu nuen edo ez».

Segura eta Leitzako saioak igaro ondoren, bide erdia egina izango du Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen faseak. Puntuazioak nola geratzen diren jakiterakoan, eskualdeko hiru bertsolariek finalaurrekoetarako bidea zenbateraino zabalik edo trabatuta izango duten ikusi ahal izango da.

 

FINAL-LAURDENAK

IRAILAK 30, LARUNBATA

17:00. SEGURA. Baratze pilotalekuan. Ander Fuentes Itturri, Beñat Iguaran, Felix Zubia, Jon Martin, Nerea Elustondo eta Unai Gaztelumendi.

URRIAK 1, IGANDEA

17:00. LEITZA. Udal kiroldegian. Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Julio Soto, Oihana Bartra, Oihana Iguaran, Unai Agirre.

*Urriaren 2tik aurrera, finalaurreko eta finalerako sarrerak salgai, www.bertsosarrerak.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!