Kataluniari babesa azaldu dio Villabonako Udalak, aho batez

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ira. 27a, 11:51

Iraileko osoko bilkura izan zen joan den astelehenean; ordezkari politikoentzako proposatutako soldata igoeraren eztabaidak jarraipena izan zuen pleno aretoan

Hamabi puntuko gai-zerrenda zuen arren, hamaika gaira murriztu zuten, joan den astelehenean, Villabonako Udaleko ohiko osoko bilkura. Kataluniako erreferendumari begirako mozio bana aurkeztu zuten EAJk eta EH Bilduk, baina bi udal taldeek beren eskari eta mezuak bateratzea erabaki zuten, mozio bakarra onartu eta urriaren 1aren inguruko gertakariengatik elkartasun mezu bateratua onartzeko.

Gai beraren inguruan bi mozio zeudenez, legea zorrotz helduta, gai zerrendatik kanpo beste testu bat aurkeztu beharko zuketen EAJk eta EH Bilduk, bozketara pasatzeko. Ordea, asteleheneko bilkuran ez zuten quorumik osatu, eta honakoa erabaki zuten zinegotziek: bi testuetako bat zerrendatik kendu eta bakarra bozketara pasatzea, iritzi guztiekin mezua moldatu eta gero.

Besteak beste, Villabonako EAJ eta EH Bildu «oso kezkatuta» azaldu dira adierazpenean, Guardia Zibilaren eta Espainiako Gobernuaren neurri «antidemokratikoak» medio: «Oso kezkatuta gaude, eta irmoki salatu nahi ditugu, bai atxiloketak, baita jazarpen politiko eta judiziala ere; eskubide zibili eta politikoak erabat urratuz ari dira. Nahikoa da».

Horrela, beraz, aho batez onartutako mozioaren bitartez, Villabonako Udalak «babes, laguntza eta elkartasun osoa» azaldu zion Kataluniari, datorren urriaren 1eko erreferenduma «tresna demokratiko zilegia» dela nabarmenduz: «Etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugu, eta politika egiten aritzeagatik alkateak atxilotzea gaitzesten dugu. Horregatik, Villabonako Udalak aitortu eta errespetatu egingo du datorren urriaren 1eko erabakia, eta horren berri emango die Kataluniako Parlament-eko presidenteari, Espainiako Gobernuko presidenteari, Auzitegi Konstituzionaleko presidenteari eta herritarrei».

DENA EZ DA ADOSTASUNA

Iraileko osoko bilkurak, dena den, adostasunetik bezainbeste izan zuen desadostasunetik, Villabonako pleno aretoan. Alkatearen eta oposizioko zinegotzi baten soldata %1 igotzeko proposamenak hautsak harrotu ditu azken asteotan, eta ika-mikaren oihartzunak jarraipena izan zuen bilkuran.

EAJko udal taldeak bi ordezkari politikoren Maite Izagirre alkatearena eta Xabat Laborde oposizioko zinegotziarena soldata %1 igotzeko proposamena egin zuen, udal langileen soldata igoerarekin batera. Ordea, EH Bilduko ordezkari Xabat Labordek eskatu zuen, bere lanaldi erdiari dagokion soldata bere horretan uzteko.

Bide horretan, oposizioko alderdiak plenoa baliatu zuen, zenbait komunikabidetan bi alderdiek izan duten gutun trukea salatzeko: «Argi eta garbi azaldu nahi dugu, gutun hori argitaratzean intentzionalitate politiko garbia duela. Guk gauza bakarra kritikatu dugu: Iban Agirrek kargua utzi eta gero, alkate izango zen pertsonaren soldata urtean 52.000 eurokoa izatea erabaki zenuten. Nork kalkulatu du hori? Zein irizpiderekin? Uste dugu neurriz kanpokoa dela».

Bere aldetik, EAJko udal taldeak defendatu egin zuen egindako proposamena, eta Eudel legari jarri zioten fokua, soldaten zenbatekoa arrazoitzeko.

Gaia bozketara pasatu eta berdinketa suertatu zenez, alkatearen botoarekin aurrera atera zen EAJren proposamena, alkatearen soldata %1 igoz.

TAXIAK ETA AMASAMENDI

Taxilari batek bere lizentzia aldatzeko egindako eskaria ere hizpide izan zen bilkuran. Ibilgailu gehiago erabiltzeko baimena eskatu du taxilariak, baina EAJko taldeak lizentzia gehiago ez banatzeko hautua egin zuen, argudiatuz, gaiari eskualdeko ikuspegia eman zaiola, eta Zizurkil nahiz Alegiako alkateek ere aurkako iritzia azaldu dutela: «Taxilari bati lizentzia gehiago ematea, gainerako taxilariei bidaiak kentzea da», azaldu zuen Maite Izagirre alkateak.

EH Bilduko oposizioak, berriz, «zerbitzu publikoa zabaltzeko aukera» ikusi zuen erabakian: «Ez da gehiegikeria, Villabonan lizentzia kopurua handitzea. Bi baino ez daude, eta Tolosan 20 daude. Ez dakigu nori egiten dion mesede, eskaera hori ez onartzeak». Gaia bozketara pasatzerakoan, EAJren erabakiak egin zuen aurrera, alkatearen botoa baliatuz.

Azkenik, iritzi truke zenbait egin eta gero, udalbatzak aho batez onartu zuen Amasamendiko onura publikoko mendiaren antolaketa plana onartzeko proposamena. Plana 30 egunez jendaurrean egongo da, herritarrek proposamenak egin ahal izan ditzaten, eta ondoren diseinatuko dituzte gune horretarako plan zehatzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!