«Arratzainekoa giltzarria izan da etapa berriari baiezkoa emateko»

Iñigo Otaegi 2017ko ira. 20a, 07:24

Australiako North Sidney taldearen deia jaso du Aitor Castro zizurkildarrak eta maletak atontzen ari da egunotan. Etapa berri bat hastera doa Reala, Leioa, Amorebieta eta baita Billabona FKE atzean utzita.

Azken sasoian, eskualdeak eman duen futbol jokalaririk entzutetsuena da Aitor Castro (Zizurkil, 1993). Urduri antzean dabil egunotan, maleta prestatzen, Australian ekingo baitio etapa berriari. 2.B mailan denboraldi andana burutu ostean, North Sidney taldearekin sinatu du bi urterako.

Australiako bigarren mailan lehiatuko zara. Behin apustu egiten hasita, handia egin duzu.

Hala da. Etxetik hain urrun joateak izu puntu bat sortzen dit, baina, aldarteko nago. Argi nuen hemengo mugetatik at nahi nuela probatu, eta eskaintza jasotzean, ez nuen gehiegi hausnartu. Berezia izango da bertako futbola eta kultura ezagutzea.

Iaz, zenbaki politak lortu zituen zure egungo taldeak.

Seigarren amaitu zuen. Talde berri samarra da, halere, hegan egiteko moduko egitasmoa ari dira eraikitzen. Txinatar batzuek erosi dute kluba, eta jokalari europarrak oinarri hartuta, taldea lehen mailara eramatea da xedea.

Nolako bizimodua aurreikusten duzu bertan?

Bada, goizean entrenamenduak izango ditugu, eta arratsaldez, ingeleseko klaseetara joango naiz, oraingo lexikoa findu eta komunikazioa oztopo izan ez dadin. Baldintzak benetan onak dira, eta erraztasun handia eman didate; esaterako, etxea jarri didate eta premiazko gastuak ordainduko dizkidate.

Arratzainen hasi zen dena.

Hori da. Alebinetan, 10 urte nituela, lehendabiziko norgehiagokak jokatu nituen bertan. Aste gutxira, Zubietan txapelketa bat jokatu genuen, eta Realak fitxatu ninduen. Egia esan zinez eskertuta natzaie Billabonako Futbol Kirol Elkartea osatzen duten guztiei. Gaztetxotan oso gustura jardun nuen bertan, eta eskuzabalik hartzen naute joaten naizen aldiro.

Reala, haurtzaroko mugarri.

Lehen taldearekin Anoetan jokatzea gaztetxo ororen jomuga da. Gehienetan ez da betetzen, baina, ez du esan nahi futbola hor bukatzen denik, ezta gutxiagorik ere. Hamaika urte eman ditut bertan, eta ez naiz ikasteaz gelditu. Txikitatik balio batzuk barneratzen dizkizute, eta futbolari gisa hazten laguntzen dizute.



Debuta ez; baina denboraldi ugaritan onenekin partekatu zenuen aldagela, Sansen aritu zinen bitartean.

18 urterekin hasi eta 23 urte bete arte, astean bitan entrenatzen nuen Realeko jokalariekin. Lagunarteko zenbait partidatako deialdietan sartzeko parada ere izan nuen. Bitarte horretan, Jagoba Arrasate edota David Moyes izan ditut entrenatzaile. Jokalariei dagokienez, Antoine Griezmann edo Carlos Vela izan nituen taldekide. Egun, ze gorputzalditan dabiltzan ikusteak poza ematen du.

Realetik atera egin behar izan zenuen. Denboraldi bana egin zenuen Leioan, eta Amorebietan. 

Pauso gogorra izan zen. Alde egin baino sei hilabete lehenago jakinarazi ninduten ez nuela Sansen jarraituko. Finean, hamaika urteren ostean, estimu handia hartzen diezu klubari berari, teknikariei, taldekideei... Nahi edo ez, jauzia atzera egiten duzu; Realaren izena Leioak eta Amorebietak ez dutelako. Egia esan, bi talde horietan ez nuen disfrutatu.

Zein izan zen alde egin beharraren arrazoia?

Mezua argia da. Jokalari oso ona zarela komunikatzen dizute, baina, ez lehen mailan lehiatzeko beste. Hori jakinda, baliabide guztiak jarri zizkidaten, niretzat onena zena topatzeko. Gainera, Realaren harrobia oso aberatsa da, eta talentu handiko gazteak bultzaka etortzen dira. Horiei testigua pasa behar zaie. Jokalari gehienen kasua da; asko joan egiten baldin badira ere, gerora berriz itzultzen dira.

Amorebietan jokatu ostean, talde bat baino gehiago etorriko zitzaizkizun eskaintzekin. Halere, Billabona FKEra etortzea erabaki zenuen.

Egia esan, patxada hartzeko premia nuen. Azken sasoietan ez nintzen eroso sentitzen, eta kezkati nengoen. Parentesi bat irekitzeko hautua egin nuen, deskonektatuz gero, ea berriro futbol egarria etorriko zitzaidan susmoarekin edo.

Gabonetan, Billabonako entrenatzaileak, nahi izanez gero, Arratzainera igo eta entrenatzeko proposamena egin zidan. Azkenean, fitxa egitea erabaki genuen, eta gainera, igoera lortu genuen. Gogoangarria izan zen.

Merezi izan du parentesia irekitzeak.

Ezbairik gabe. Lagunekin jokatzea berezia izan da oso. Billabonan egon naizen bost hilabete hauetan, iragan bost denboraldietan baino gehiago gozatu dut. Kategoria baxuagoa izango da, kalitatez ez hain jantzia; baina, beraiek nigandik baino, nik askozaz ere gehiago ikasi dut beraiengandik. Benetan eskertuta nago.

Talde txikien xarma ezagutu gabekoa izango zinen. Asteburuko otordutxoak lagungarri izango ziren, edo?

[Barreak]. Parranda bat edo beste egin dugu bai. Futbola beste betaurreko batzuekin ikustea lortu dut Billabonan. Zalantzarik gabe, Arratzaineko arratsaldeak giltzarri izan dira datorren etapa berri honi baiezkoa emateko. Bestela, ez nintzateke gauza izango.

Euskal eta Espaniar selekzioetan aritu zinen.

Bai. Euskal Selekzioan txikitatik jokatu izan dut, eta Espainiako txapelketa ere irabazi genuen. Espainiako taldearekin ostera, Linchesteinen Europako Txapelketa jokatu nuen. Esperientzia latza izan zen. Orain aparrean dabiltzan Denis Suarez, Paco Alcacer edota Deulofeu izan nituen taldekide. Mundu mailako beste txapelketa batean ere hartu nuen parte, Argentinaren kontra jokatu genuen finala. Selekzioko kategoria guztiak bezalaxe, Las Rozasen entrenatzen genuen, eta Julen Lopetegi eta Fernando Hierro gure teknikariak izan ziren.

Berdeguneko postu askotan joka dezakezu.

Beno, gehienetan erdilari gisa jokatu dut, sarri lotura lanetan. Hegaleko postuetan ere jardun izan naiz, bai atzean, baita aurrean ere. Bestela, esango nuke ez naizela fisikoz jokalari indartsua, baina bai teknikoa. Gainera, bi hankekin antzeko jotzen diot baloiari, eta hori gutxik duten abilezia da. Ea nire ahala erakusteko gai naizen Australian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!