Musikarekin harreman berezia du Iñaki Zalakainek (Villabona-Amasa, 1964). Loatzo musika eskolako irakaslea da gaur egun, baina txikitatik izan du lotura musikarekin: “Amak apuntatu ninduen musika eskolan, eta aitaren ilusioa ere bazen”. Irakasle ugari izan ditu bere musika ibilbidean: “Manolo Yabenekin hasi nintzen. Oso soinujole ona zen, eta harengana joaten nintzen nire bi anaia zaharrenekin”. Bi anaiek utzi egin zuten, baina berak jarraitu egin zuen. “Tarragonarekin eta Larrañagarekin aritu nintzen ikasten, eskusoinu orkestran ere ibili nintzen, eta Mendiluzerekin ere egin nituen solfeo ikasketak”.
Oinarrizko ikasketak egin eta instrumentuak jotzen ikasteaz gain, musika irakaskuntzaren inguruko formakuntza jaso izan du hainbat urtetan. 1982an eta 1983an, musika-pedagogia ikastaroak egin zituen Loiolan. “Saio intentsiboak ziren; Imanol Urbietaren pedagogia lantzen genuen, euskal kantak sortuz”. Geldialdi bat egin ondoren, musika irakaskuntzaren inguruko ikastaro bat egiten aritu zen Vigon (Galizia), bederatzi urtez. “Irakaskuntzarako metodologia pedagogikoa ikasi dugu, materiala jaso…”.
Ikasitako hori guztia praktikan jartzen ari da egun, Loatzo musika eskolan. Oinarrizko musika ikasketak erakusten dizkie haurrei. Ez edozein modutan, ordea: “Gauza asko hartu behar dira kontuan. Mota askotako gauzak eskatzen dituzte haurrek: inprobisazioa, garrasia, isiltasuna, modu ez-hitzezkoan hitz egitea, ahotsa desblokeatzea… Haurrak ezin dira aritu hamar minutu baino gehiago ekintza bera egiten”, ondorioztatu du Zalakainek.
Musikoterapia praktikan
Urteotan ikasitakoari jarraipena emanda, musikoterapiaren inguruko masterra egin berri du Bilbon, eta Villabona-Amasako zahar etxean egin ditu praktikak. Horiek oinarri hartuta, tesia egin zuen iaz. Beraz, musikoterapeuta titulua du Zalakainek.
Baina zer da musikoterapia? “Definizio bat baino gehiago dago, eta metodologia bat baino gehiago aplika daiteke”. Honela definitu du: “Musikaren bidez egiten den terapia da musikoterapia”. Eta zer da musika? “Isiltasuna, armonia, erritmoa… Gizabanakoaren ongizate fisikoa edo emozionala lortzea da terapia horren helburua; komunikazio bideak irekitzea, emozioak liberatzea, pertsonak lasaitzea. Azken batean, sentimenduak askatzea”.
Musikoterapia klinikoa egin du praktiketan. Hainbat gaixotasun dauzkaten pertsonekin lan egitea egokitu zaio, baina mugikortasunik ez duen emakume batengan jarri du arreta. Astean bi saio egiten zituen, astearteetan eta ostiraletan. “Terapiaren eragina hiruzpalau egunekoa zelako”. Egoitzako zuzendariarekin, psikologoarekin, medikuarekin eta erizainarekin aritu da lanean.
Ordubete inguruko saioak egin ditu: “Nik, normalean, gitarra eramaten nuen saioetara, eta ongietorri gisa abesti bat jotzen nuen hasieran. Bien arteko komunikazioa sortzea da lehenengo egitekoa; erabiltzailea edo pazientea —hori da izen teknikoa— lasai sentiarazi behar dugu, eta argi utzi behar diogu gure arteko istorio bat dela gertatzen dena”. Baldintza batzuk jartzen dizkie gero; hau da, pazienteei erabil ditzaketen instrumentuak ematen dizkie Zalakainek, eta instrumentu horiek erabiltzeko baldintza batzuk ezarri. “Gutxiago gehiago da, hori da nire filosofia”. Musikoterapeuta batzuk “esperientziarik gabeak edo beldurtiak” izaten direla azaldu du Zalakainek, eta instrumentu ugari uzten dizkietela pazienteei. “Hori da errazena, baina ez du balio. Ahalik eta instrumentu gutxien utzi behar dizkiegu. Ez dakite geldirik egoten: pertsona bat has daiteke negarrez, horma jotzen, oihuka… Geure burua kontrolatzea da zailena; ezin gara sartu bere jokoan; distantzia markatu behar izaten dugu pazienteekin”.
Egoera horretara ailegatuta, erabiltzaileen edo gaixoen ondoan egotea izaten da musikoterapeutaren lana. “Pazienteren bat triste ikusiz gero, bere ondoan egoten jakin behar izaten dugu. Bizipen jakin bat bizi izaten dute pazienteek, euren bizipena. ‘Zergatik hasi zara negarrez?’, ‘zerk eragin dizu horrelako amorrua?’. Antzeko galderak egiten dizkiegu kontatu nahi badute”.
Prozesu zaila dela azaldu du. “Baina oso aberasgarria”. Hilean behin balorazioak egiten ditu egoitzako medikuekin, psikologoekin eta erizainekin: “Emaitzak hor daude. Umore hobea izaten dute pazienteek, eta lasaiago egoten dira. Tentsioa hartzen zieten saioaren hasieran eta bukaeran, eta harrigarria zen ikustea nola lasaitzen ziren edo mugikortasuna nola irabazten zuten”.
Mundu osoan gero eta ohikoagoa da terapia hori; eta Zalakainek argi du gaixo dauden pertsonentzat ez ezik guztientzat dela baliagarria: “Zenbateko antsietatea dut? Frustratuta bizi ote naiz? Pozik nago? Denei egiten die mesede terapiak”. Adituak ez daki zehazki zein den sekretua. “Baina musikak, estimuluak eta erritmoak magia dute”.