Irrintzi elkartearen eskutik azoka eta isats gisatu lehiaketa

Ataria 2017ko irailaren 6a

Larunbatean, irailak 9, Villabonako Txermin auzoko Zubimusu ikastolan izango da azoka 09:30tik 14:00etara. Bertan egingo da, baita ere, isats gisatuaren lehiaketa eta Aiztondo bailarako zazpi elkartek hartuko dute parte.

Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa, Iparralde eta Errioxako artisau produktuen XXII. azoka izango da eta eztia, ahate produktuak, gaztak, hestekiak, ogia, gozoak, ardoa, arrai kontserbak, mermeladak eta baita kosmetika, ukenduak, bitxiak eta bestelako produktuak aurkeztuko dituzte.

Guztira 50 postu izango dira eta hiru ederrenak sarituko ditu Villabonako Irrintzi elkarteak.

Azokarekin batera XXII. Isats gisatuaren lehiaketa egingo dute eta Aiztondo bailarako zazpi elkarte lehiatuko dira. Iazko sari preziatua Amasako Uxo Toki elkarteak eskuratu zuen. 12:00etan jakinaraziko da lehiaketaren emaitza.

Gainera, bazkaria izango da irrintzi elkartean. Honako menua prestatu dute: kardua, isats gisatua eta izozkia. Edaria, kafea eta kopa barruan direla, menuak 15 euroko prezioa izango du. Elkartean bertan eman beharko da izena egunotan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!