Gipuzkoako Foru Aldundiak Villabonako hainbat errepide zati udal titularitatera pasatzea aurreikusten du. Horrez gain, Sacem enpresako zubiaren berritze beharraz hitz egin dute bi erakundeek, eta azterketa bat egingo dela aurreratu du Aldundiak.
Bide Azpiegituretako diputatuak Villabonako zeharkalearen titulartasun aldaketa aztertzen ari dela esan du: "Orain arte Aldundiak izan du haren jabetza, baina, garai batean ez bezala, gaur egun, N-1 errepideak trafikoak herritik ateratzen ditu eta zeharkale hori herritarrentzat da bakarrik". Jabetza aldaketa egin aurretik, errepideari hainbat hobekuntza egingo zaizkiola gehitu du Oiarbidek.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren titularitea duten GI-4751 eta GI-4752 errepideez gain, Legarreta auzora doan errepidea ere udalaren esku uztea aztertzen ari da Aldundia, eta errepide horretan dagoen Sacemeko zubia ere hizpide izan dute gaurko bileran bi erakundeek. Zubi hori zabaldu beharra azaldu dio Izagirre alkateak Bide Azpiegituretako diputatuari, eta horrek adierazi du oso kontuan izango dutela eskaera: "Gure enpresak bultzatzeko eta haietara iristeko bitartekoak ere jarri egin behar dira, eta, bideak egoera onean edukitzearen garrantziaz jakitun gara. Villabonako Sacemeko zubiak berritzea eskatzen du, eta aukera hori aztertuko dugu”, adierazi du Aintzane Oiarbidek.
Villabonan elkartu dira bi erakundeetako ordezkariak. Izagirre alkateak esker oneko hitzak izan ditu Foru Aldundiarentzat, eta orain arte egindako lanak goraipatu ditu. "Herriak segurtasunean asko irabazi du; aurrez zegoen oinezkoentzako pasabide goratua kendu zenean, bertan utzi zituzten hormigoizko euskarriak. Arrisku hori kentzeak onura ekarri dio herritarren segurtasunari".