Villabonako santioak 2017

Kuadrillakoen konpainian, beti hobeto

Villabonako Santio festen barruan, gaur ospatzen ari dira kuadrillen eguna. Etxeondo auzoan bazkaldu ondoren, Incansables txarangarekin, kalejiran hurbildu dira alde zaharrera, festa giroan jarraitzeko.

Mila lagun baino gehiago eta ehun kuadrilla inguru. Zifra horien bueltan bilduko ziren, gaur, Villabonako kuadrillak, elkarrekin, festei jarraipena emateko asmoz. Eguraldiak ederki lagundu duenez, eta azken urteetako ohiturari jarraituz, Etxeondoko belardietan egin ahal izan dute otordua. Gainera, Incansables txarangak jarritako giro itzelari, ederki erantzun diete herritarrek. Adin guztietako billabonatarrak bildu dira lagunartean, eta ederki antzematen zen beraien aurpegietan festarako gogoz zeudela.

Sabela bete ondoren, Santiago zaharren egoitzako kideei bisita egin diete, eta ondoren, kale nagusitik barrena joanda, errebote plaza gurutzatu dute, tartean, irudi ederrak utziz. Aipatu beharra dago, aurten, iaz izandako ezbeharrak kontuan hartuta, udaletxeak zabor poltsak banatu dituela kuadrilla guztien artean, Etxeondoko gunea txukun uzteko asmoarekin.

Bihar, egun lasaiagoa izango dute herritarrek, baina kanturako, kirol ezberdinez gozatzeko eta gorputza dantzan jartzeko aukera andana izango dituzte. Hona hemen biharko egitaraua:

09:00. Plater tiraketa, Loatzo Tiro Elkartearen eskutik, Atxutu-Mandoegi zelaian.

10:00. Xake jokoa helduentzat, XXXII. Santio Txapelketa, J.M. Ezkai memoriala, Billabona Xake Joku Elkartearen eskutik, Txistulari plazan.

10:00. VI. eskulangintza azoka, Malkar plazan. Goiz eta arratsaldez izango da bertan.

11:00. Kultur ikastaroetako lanen erakusketa, Berdura plazan.

11:30. Santiotan kantari kantujira, Bearzana frontoitik abiatuta.

16:00. Bola tiraldia, helduentzat, Behar Zana elkarteko Bola Taldearen eskutik, Olaederrako bolatokian.

16:00. Xake jokoa haurrentzat, Sub13, Billabona Xake Joku Elkartearen eskutik, Txistulari plazan.

18:00. Santiotan kantari kantujira, Bearzana frontoitik abiatuta.

18:00. Pilota: Joko Garbi, Erreboteko plazan.

19:30. Txekor jatea eta sagardo dastaketa, Zunbeltz elkartearen eskutik, Txermingo ikastolan.

23:00. Dantzaldia: Rock&Classics project taldearen eskutik, Erreboteko plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!