«Prestaketa aldatu dugu»

Asier Imaz 2017ko uzt. 18a, 19:22

Erlojuaren aurkako proban, 23 urte azpikoen mailan, Ane Iriartek (Amasa-Villabona, 1995) Espainiako Txapelketa irabazi du. Kantabriako Rio Miera taldeko txirrindularia da billabonatarra.

Espainiako txapelketaz gain, Gipuzkoakoa ere irabazi duzu talde berriarekin. 

Egia esan, aurten inoiz baino motibatuagoa ibili naiz. Hala eta guztiz ere, urte zaila izaten ari da; etxetik kanpo denbora asko pasa behar izaten baitut. Emaitzak iristen ari dira, ordea, eta oso gustura nago.

Nolakoa da txapeldun baten prestaketa?

Urte hasieran Uruguaira joan nintzen, itzuli bat korritzera. Ondoren, Munduko Kopako bi proba lehiatu nituen, pistan. Biran bost eguneko lehia oso gogorra ezagutu nuen, aurrez Durango-Durango eginda. Gero lau eguneko atsedenaldia izan nuen, eta Frantziara joan nintzen bi klasika korritzera. Nire gorputzak karga horri ondo erantzun diola ematen du, eta nahiz eta erlojuaren kontrako probarako ez prestatu, Espainiako txapelketa irabazi nuen.

Azken urteetan pistan ibili zara gehienbat. Orain, errepidean ari zara emaitzak lortzen. 

Aurten prestaketa pixka bat aldatu egin dugu. Orain arte pista gehiago sartu izan dut, baina aurten erabaki genuen errepidea erabiltzea pista prestatzeko. Gorputzaldi ona lortu dudala uste dut horrela. Nire bosgarren Europako pista txapelketak gainean daude, eta ea egindako lanarekin emaitza onak lortzeko aukera dudan.

Harrobikoei zer esan?

Egun txarrak izaten direla bizikleta gainean, baina egun txarrak pasa eta gero, horrelako batean egun oso on bat azaltzen dela. Orduan konturatzen zara merezi izan dutela aurretik pasatako egun txar guzti horiek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!