EH Bilduko zinegotzi bat lanaldi erdian ariko da liberatu gisa

Tolosaldeko Ataria 2017ko uzt. 19a, 07:55

Asteleheneko ohiko osoko bilkuran bi mozio onartu zituzten: etxez etxeko zerbitzuari buruzkoa bata eta herriko komertzioari buruzko azterketa bat egiteko eskatzen duena bestea.

Ohiko osoko bilkura bukatzear zela, azkeneko puntuan, EH Bilduko zinegotzi den Xabat Laborde, «oposizioaren liberatu» gisa aritzeko eskaera luzatu zion koalizio abertzaleak udalbatzari. Horretarako, iazko apirilean Gasteizko Legebiltzarrak onartu zuen 2/2016 Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 33. artikulua, oposizioaren estatutuari buruzkoa, hartu zuen oinarritzat, zeinak bost mila eta hamar mila biztanle arteko udalerrietan oposizioko zinegotzi batek arduraldi esklusiboa izango duela bermatzen duen, «udal gobernua kontrolatzeko eta fiskalizatzeko lana behar bezala egin ahal izateko».

Aho batez onartu zuen udalbatzak eskaera, eta beraz, uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin beteko du kargua EH Bilduko zinegotziak. EAJko udal taldeak, baiezkoa «pozez» emango zuela adierazi zuen, baina «egoeraren ironia» azpimarratu zuen. Ibon Ariznabarreta zinegotzi jeltzaleak esan zuenez, «poza dugu, zure argazkia eta soldata berriarekin ez dituztelako kartelak atera, poza, ez direlako plenora herritar independenteak etorri zuen aurkako oihuak egitera, eta poza azken batean, Eudel eta alkatearen soldatan oinarritu zaretelako erabaki hau hartzeko».

Ariznabarretak azpimarratu zuen, duela hilabete batzuk Maite Izagirre alkate izendatu ondoren, EH Bilduk «agitazio eta propaganda teknika zaharkitua erabiliz», udal politikaren giroa zikindu nahi izan zuela. Jeltzaleen ustez, orduan EH Bilduk zinegotziak liberatzeko garaian beraien aurreko lanaren soldata oinarri bezala hartzea defendatu zuen eta orain irizpidea aldatu du oposizioko liberatuaren ordainsaria kalkulatzeko Izagirrerena hartu duelako oinarritzat. «Arazoa ez dator legalitatearen ikuspegitik, zuen koherentzia faltagatik baizik», esan zuen Ariznabarretak eta Izagirreri barkamenak eskatzeko aukera bikaina zutela esan zien EH Bilduko zinegotziei, «aurreko urtean egin eta esandakoengatik».

Labordek berak erantzun zien kritikei. «Penagarria» iruditu zitzaion EAJren erantzuna, «erretolika hori soberan dago», esan zuen. EH Bilduko zinegotziak onartu zuen jasoko duen soldata «handiegia» izango dela, baina Eudelek finkatzen dituen irizpideak errespetatuta eska zezaketen «kopuru minimoa» eskatu dutela gaineratu zuen. «Kopuru hori murrizteko bide bat, alkateak bere soldata murriztea izango litzateke, automatikoki oposizioko liberatuen soldata ere murriztuko litzatekeelarik. Baina alkateak ez du horretarako asmorik», esan zuen Labordek.

Oposizioko liberatuaren kalkulua egiteko Eudelek zehazten dituen irizpideen arabera, udal gobernuko alderdian lanaldi osoan dagoen eta gutxien kobratzen duen zinegotziaren soldata hartzen da kontuan Villabonako Udalaren kasuan Maite Izagirre alkatearen 52.000 euroko soldata. Kopuru horri %10 kentzen zaio eta ateratzen den zifratik %50 eta %75 arteko ehunekoa hartzen da aintzat. «Markatutako gutxienekoa erabilita», urtean 23.400 euroko soldata gordina jasoko du Labordek lanaldi erdian aritzeagatik. Dena den, «dedikazio erreala %50etik gorakoa» izango dela iradoki zuen EH Bilduko zinegotziak.

JAIETAKO IRUDIAREN POLEMIKA

Azken asteetan herrian zalaparta eragin duen gai bat ere jorratu zuten asteleheneko batzarrean, bertaratutako herritar batek horrela eskatuta. Uztaila hasieran jakinarazi zuen Villabonako Udalak jai egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa sari gabe geratu zela, «aurkeztutako lanek ez zutelako kalitate nahikorik».

Erabaki hori hartzeko zein irizpide erabili zen galdetu zuen publikotik lehiaketara aurkeztutako pertsona batek. Mertxe Garmendia Kultura zinegotziak azaldu zuenez, ekainaren 29an bildu ziren epaimahaikideak erabakia hartzeko eta tartean ziren EAJko Mertxe Garmendia bera, Eneko Urdangarin eta Maite Izagirre, EH Bilduko Leire Olasagasti eta PSE-EEko Maria Luisa Arija. Beraiekin batera ziren, jai egitarauaren diseinuaren ardura duen Beatriz Medrano eta idazkari lanak egin zituen Joxean Cubero Kultura teknikaria. Garmendiak azaldu zuenez, zenbait deliberazioren ondoren, «epaimahaikide guztiek aho batez» erabaki zuten lehiaketa sari gabe uztea. Hamahiru lan aurkeztu ziren guztira.

Behin lehiaketa hutsik geratu ondoren, udal gobernuak azalaren diseinua kanpoko enpresa baten esku uztea erabaki zuen. EH Bilduri ez zaio «batere egokia» iruditzen prozedura hori eta pleno aretora gerturatuko herritarrak ere gaitzetsi egin zuen jokaera: «Villabonatik kanpoko enpresa batengana jo da gure festak ordezkatu ditzan eta ez zaigu herriko sortzaileei aukerarik eman». Udal ordezkariek onartu zuten, aurkeztutako lanek «kalitate nahikorik» ez zutela esatea mingarria suerta daitekeela eta datozen urteetan horrelakorik berriro gerta ez dadin araudia berrikusiko dutela.

ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA

Adostasunik ez zuten lortu EAJk eta EH Bilduk izaera sozialeko etxez etxeko laguntza zerbitzuaren inguruan eta mozio bana aurkeztu zuten asteleheneko osoko bilkuran. EAJren mozioak egin zuen aurrera, PSE-EEren botoari esker eta honenbestez, Villabonako Udalak ezinbestekotzat duen zerbitzu honen garapenaren eta hobekuntzaren alde egin, eta horretara bideratzen duen diru ekarpena handitzeko konpromisoa hartu du. Gainera, etxez etxeko ohiko arretan soluzio berriak ezartzea ahalbidetuko dituzten proiektu berritzaileak martxan jartzeko borondatea agertu eta zerbitzua hobetzeko beharrezkoak diren neurriak ezartzeko laguntza eskatuko dio Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Horraino ados agertu ziren udalean ordezkaritza duten talde guztiak. EH Bilduk jatorrian aurkeztutako mozioan dei egiten zitzaion Foru Aldundiari udalekin konpromiso bikoitza adostu dezan: «Udalei baimentzen dien ordu kopuruan eta ordu horien finantzaketan murrizketarik ez ezartzeko eta zerbitzua hobetzeko eta zabaltzeko neurriak aztertu eta ezartzeko, halaber, langileei lan baldintza duinak bermatzeko». Puntu horretan ez ziren bat etorri jeltzaleak eta koalizio abertzaleko kideak. Azkenean onartu zen mozioan, EAJk Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Erakunde Arteko Mahaiari eskatzen dio, gizarte zerbitzuen finantzaketa sistemaren egokitzapen berriaren inguruan akordio batera iritsi dadin. EH Bilduk, «murrizketa hitza ekidin nahia» egotzi zion alderdi jeltzaleari.

Udal talde guztiek puntu bakarrean egin zuten bat: alderdi sozialistak herriko merkataritza eta enpleguaren inguruko azterketa eskatuz aurkeztutako mozioan. Sektoreak duen «gaitasun traktorea» eta izaera «estrategikoa» ikusita, Tolosaldea Garatzeni azterketa lehenbailehen egitea eskatu dio Villabonako Udalak, gero, hartu beharreko neurriak aurrekontuan islatuta gera daitezen. Azterketa Oria merkatari elkartearekin elkarlanean egitea eskatu dute udal ordezkariek. Bide batez, merkataritzaren gaia sakonean aztertzeko udalean foro bat sortzeko beharra azpimarratu zuen EH Bilduk asteleheneko bilkuran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!