Aurten Irrintzi elkarte barrura ekarriko dute garagardo festa

Tolosaldeko Ataria 2017ko uzt. 13a, 12:11

Ostiraletik igandera bazkari eta afariak emango dituzte Villabonako Kale Nagusian kokatuta dagoen elkartean, eta gainera, barra zerbitzua egongo da.

Hogei urtez Irrintzi elkarteak Zubimusu ikastolaren egoitzan, Txerminen antolatu izan du Garagardo Azoka. Aurtengo edizioa aldatuta dator, ikastolan egiten ari diren lanek zaildu egiten baitute urteroko antolakuntza. Gaizka Ezeiza elkarteko lehendakariak esan duenez, «ikastolak ez digu inongo eragozpenik jarri, baina zuhurtziaz jokatzea erabaki dugu, dimentsio handikoa baitzen antolatzen genuen azoka eta ezin genuelako hainbeste arriskatu».

Jendeak estimu handitan zuen azoka, ordea, eta etenik eman ez dadin, «txikiagoa baina esentzia mantenduz», garagardo asteburu bat antolatzea erabaki dute Irrintziko zuzendaritzako kideek: «Santio festen bezperetan antolatu izan dugu urtero eta festa giroan sartzeko balio izan du; horri eutsi nahi genioke». 80 lagunentzako txanda bakarrean afari eta bazkariak emango dituzte ostiraletik larunbatera eta elkartearen patioan, aldi berean, lau garagardo mota dastatzeko aukera izango da. «Otorduetara geratu nahi ez duenak trago bat hartzeko aukera izan dezan», esan du Ezeizak.

ERRELEBOA PIXKANAKA

Gaur egun 90 bazkide dira Villabonako elkartean eta azken urteetan zazpi kide berri sartu dira 30 urtetik beherakoak. Ezeizak nabarmendu duenez, «pixkanaka» hartu nahi dute martxa azokaren antolakuntzan. «Ez da lau egunetako lana bakarrik, bi hilabete lehenagotik hasi beharra dago lanean eta gauza asko hartu behar dira kontuan. 20 urteetan aritu den jendearengandik ikasi behar dugu guk orain».

Izan ere, hurrengo urteetako asmoen artean dute Garagardo Azoka lehengo formatuan antolatzea. «Herriari ekarpena egiten jarraitu nahi dugu», dio Ezeizak

 

4 GARAGARDO MOTA AUKERAN


Garagardoak: Bereziak 3,5 euroan (Paulaner Trigo eta Grimbergen tostatua) eta arruntak 3 euroan (Alhambra eta Foster).

Ordutegia: Barra zerbitzua ostiralean 18:30etik 23:30era eta larunbata eta igandean 12:00etatik 00:00etara.

Menua: Lau saltxitxa, gula razio bat, ukondo bat, izozki bat eta lau garagardo (bi pertsonentzat), 40 euroan.

Ordutegia: Ostiralean eta larunbatean afariak 21:00etan eta larunbata eta igandean bazkariak 14:00etan.

Txartelak salgai: Larunbata eta igandeko bazkarietarako bakarrik geratzen dira salgai, Iru Aldeta tabernan eta Irrintzi elkarteak 19:00etatik 21:00etara.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!