Villabonako santioak 2017

Deborah J. Carterren kontzertua uztailaren 22an

Ataria 2017ko uztailaren 13a

2017ko Santio Jaiei hasiera emateko, Estatu Batuetan jaio eta Europan bizi den Deborah J. Carter abeslariak doako kantaldia eskainiko du Erreboteko plazan, uztailaren 22an 20:00etan.

Deborah J. Carter Heineken Jazzaldia 2017ko izarretako bat izango da, eta “Musikene” Musika Kontserbatorioko instrumentu talde baten laguntza izango du; Carter-ek eskola magistralak ematen ditu kontserbatorioetan.

Nazioartean ospe handia duen abeslariak, Ella Fitzgerald, jazzaren dama handiaren errepertorioa izango du gogoan, jazzaren eta XX. mendeko kulturaren ikur handi hau jaio zela mendeurrena betetzen baita aurten. Deborah J. Carter-ek, bere ahots landu eta dotoreaz, Fitzgerald-en kantak fideltasun handiz abestuko ditu, baina bere estilo pertsonal eta propioa emanez.

Udalak bere poza adierazi du nazioarteko lehen mailako emanaldi hau lortzeagatik: “Joan den urtean apustu irmoa egin genuen jaietan lehen mailako kontzertuak izateko, eta herritarren erantzuna ezin hobea izan zen. Aurten, apustu honekin jarraitu dugu, eta aurrerantzean ere, horrela jarraitzea espero dugu” aipatu du kultura zinegotziak.

Kultura sailak puntualtasuna eskatu die bertaratu behar dutenei, kontzertua ahalik eta baldintza onenean egin dadin.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!