«Emakume asko oldartu zen Aiztondon Frankismoaren aurka»

Jon Miranda Labaien 2017ko uzt. 12a, 12:14

'Emakumeen aurkako indarkeria bikoitza Gerra Zibilean eta Frankismoan' hitzaldia eskainiko du gaur, Aritza elkarteko kideak, gaiari ikuspegi feministatik begiratzeko, 18:00etan, Adunako kultur aretoan.

1936ko udan Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo mendietan ehunka gazte boluntariok erresistentzia gunea osatu zuten militar kolpistei eta errekete boluntarioei aurre egiteko. 81 urte beranduago beste gazte boluntario batzuk ari dira gudari haiek utzitako aztarnen bila. Haientzako eta gerturatzen diren herritarrentzat ariko da gaur, Esti Amenabarro (Villabona, 1974), Adunan.

Zein toki bete du emakume errepresaliatuak memoria historikoa berreskuratzeko lanean?

Aritza elkartean azken urteetan egin dugun ikerketaren elementu inportanteenetako bat izan da. Nik emakumeen egoera horretan jarri dut arreta bereziki. Badagoelako kontu bat, nik uste dut, historian nahikoa zeharka eta isilpean pasa dena: Frankismoaren aurka emakume asko oldartu zen. Villabonako emakumeak ezagutzen ditut, gehienbat, eta tiranoaren aurka altxa ziren horietako asko. Ondoren, bikoitza izan zen jasan zuten zigorra, militante politiko eta gainera emakume bezala. Ikuspegi feminista horretatik saiatuko naiz emakume haiek egin zuten ekarpen politiko, sozial eta kulturala bistarazten.

Zergatik ez da emakume honen historiaren berri jakin orain arte?

Gerrak gizonen kontuak direlako. Hori da historia ofizialak esaten duena. Villabonan ezagutu ditut militante politikoak, lehen lerrokoak, abertzaleak eta errepublikarrak, emakumeak zirenak. Guk horretaz hitz egin arte inork gutxi zekien emakume horien berri. Errepubikazaleak ziren gizonak atxilotu edo erail egiten zituzten bitartean, emakumeei «barkatu» egiten zieten. Barkamen hori ordea, garestia zen kasu ia gehienetan. Gizonak hil ondotik emakumeentzat sexu jazarpen eta intsinuazioak zetozen, haurrak kentzeko mehatxuak, harrera etxeetan egonaldi behartuak, umiliazioak... Florencia San Migel, adibidez, etxegabetu egin zuten 1938an bere senarra espetxean zela. Beti gizonezkoak azaltzen badira ere kontakizun historikoan, gizon horietako bakoitzaren atzean errepresaliatutako emakume bat zegoen.

Zer nolako jazarpena jasan zuten emakume haiek?

Villabonako frankistek haien aurka oso gogor erasotu zuten. Esaterako, Juanita Berakoetxea, Antonia Astiazaran eta Petra Vidaurreri ilea moztu eta akain olioa eman zieten eta Villabonako Kale Berrian zehar ibili zituzten abertzaleak eta errepublikarrak zirelako. Amasa-Villabonako Falangeak, errekete eta Guardia Zibilak lagunduta egin zuten hori. Adierazgarria da ikustea garaiko dokumentuetan gizonezkoek egin zituztela emakumeen aurkako akusazio guztiak.


Nolakoak ziren jazarpena jaso zuten emakume horiek?

Emakume intelektualki oso jantziak, militante konprometituak, beren bikotekideen konpromisoari segika borrokatzea erabaki zutenak, isiltasunera kondenatu zituztenak ziren. Oso emakume ausartak eta aldi berean beldurtuak. Sufrimendu asko pasa zuten, espetxean senarra zuten bitartean, gose eta beldur asko pasa zuten. Aipatu behar da emakume hauetako batzuk modu oso kontzientean beraien testigantza emateko konpromisoa hartu zutela, baina beste askok isildu egin zuten euren bizipena, deserosoa zelako. Ikuspegi feminista batetik zigor bikoitzaren dialektikarekin ulertzen da hori. Garai hartako emakumeak, ez zuten guk daukagun kontzientzia feminista , baina garai hartarako oso ausartak ziren eta garbi zuten planto egin behar zitzaiola Frankismoari, ikuspegi matxista eta patriarkala zuen sistema autoritarioari.

Nolakoa izan zen erregimena emakumeen eskubideei dagokionez?

Emakumeak eredu eta balio zehatz batzuk bete behar zituen: ama ona izan, bere senarraren zerbitzari leiala izan, etxeko lanak egiteaz arduratu, kristautasunaren printzipioak zabaltzen lagundu, isila izan, lotsatia... Garaiko agintariek estetika eta edertasunaren kanon zehatz batzuk inposatu zituzten eta horiek betetzen ez zituzten emakumeak zigortu egiten zituzten, are gehiago, errepublikaren aldekoak baziren. Abortua delitua zenez, emakumeen aurkako infantizidio salaketak ohikoak izan ziren.

Gainera, Bigarren Errepublikatik zetozen.

Bigarren Errepublika, aukeren aldi bat izan zen Espainiako Estatuan. Primo de Riveraren diktaduraren ondoren, emakumeek bizitza publikoan eta politikoan parte hartzeko aukera berreskuratu zuten. Batez ere ezkerreko mugimenduek sustatu zuten aldaketa politiko eta soziala. Ordura arte, emakumeen funtzioa etxeko lanetara mugatzen zen. Sufragio eskubidea da adibide aipagarriena lorpenen atalean. Gero, Francok bere aliatu eta armada guztiekin aukera hori zapuztu eta bere eredua inposatu zuen. Aurreko epean lortutako eskubide sozial eta politiko denak galdu zituzten emakumeek.

Egoera ikusita, asko izan al ziren ihes egin zutenak?

Emakume horietako askok Villabonatik ihes egitea erabaki zuten egoera jasanezina zelako. Emakume errepublikazale, abertzale eta ezkertiar haiek ez daude Amasako hilerrian hobiratuak. Giroarekin itota eta ernegatuta, hemengo instituzioen babes falta ikaragarria ikusita erabaki zuten ihes egitea.

Zein emakume ekarriko zenituzke gogora?

Asko dira. Evarista Sasianbarrena, adibidez, Emakume Abertzaleen Batzako idazkaria izan zen Amasa-Villabonan eta alkateak Espainiako bandera zintzilikatzeko eskariari uko egiteagatik espetxeratu zuten. Saturnina Ramila, Antonia Astiazaran eta Benita Arteaga ere zigortuak izan ziren matxinadara deitzeagatik. Euren senarrak frontean zeuden bitartean atxilotu zituzten eta espetxe zigor oso larriak ezarri zizkieten. Ia osorik bete behar izan zuten kondena. Emakume horiei izenak jarriko dizkiet, hori baita modurik egokiena, justu, historiak ukatu dien omenaldia egiteko.

Noizko emakume hauekiko erreparazioa?

Justizia ez dago eginda. Guzti hau XX. mendean pasa da Amasa-Villabonan. Udalak emakume hauenganako adierazpenik ez du egin oraindik. Mahai gainean errealitate bat jartzen ari gara, memoria egiten, eta hori neurri batean justizia egitea da, baina justizia horrek aitortza garbi bat behar du. Nik oso garbi daukat: emakume hauek Villabonako herrian plaza bat edukitzea inportantea litzateke, baina hori bezain inportantea da, Villabonako herriak emakume hauen familiei aitortza publikoa egitea. Hori noiz lortuko dugun? Mundu guztiak adostasun osoz, gertatutakoa publikoki mahai gainean jartzen duenean. Eta bitartean, memoriaren alde herritar anonimoak ari gara lan boluntarioa egiten, ez litzatekeenean horrela izan behar. Lan honek zorroztasun gehiago eta determinazio politiko osoa behar du, momentu honetan ez dagoena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!